Bajo Ulloa: "Ezin diot utzi mundua mirarien agertoki handi gisa ikusteari"

  • Bajo Ulloa:

  • DataMartxoak 2
  • Gaia Ikus-entzunezkoa

“Alas de mariposa” filmagatik zuzendari berri onenaren Goya saria irabazi eta 29 urtera, gasteiztar zinemagilea zuzendari onenaren Goya sarirako izendatuta dago “Baby” lanagatik. 

Juanma Bajo Ulloa zuzendari eta gidoigilea (Gasteiz, 1967) Espainiako Zinema Akademiak banatzen dituen Goya sarietarako izendatuta dago berriz, zuzendari onenaren atalean, “Baby” film aztoragarri, iradokitzaile, ausart eta muturrekoagatik, zeina musika onenaren atalean (Bingen Mendizabal eta Koldo Uriarte) ere izendatuta baitago.

Rosie Day, Harriet Sansom Harris eta Natalia Tena aktoreak protagonista direla, bere umetxoa haurren salerosketan diharduen emagin bati ematen dion ama drogazale bati buruzkoa da “Baby” elkarrizketarik gabeko filma. Damututa, umea berreskuratzen saiatuko da ama, “izutik maitasunera egindako bidaia mingarria eta ederrean”.

Izendapena baliatuta, Bajo Ulloarekin, solaskide elokuente eta beti interesgarriarekin, mintzatu gara.

Zorionak, Juanma! Espero zenuen “Baby”k zuzendari onenaren sarirako izendapena ekartzea? Nola jaso duzu albistea?

Eskerrik asko. Ustekabe moduko batez hartu dut, “Baby” ez delako justu espainiar industriak saritu ohi duen moduko zinema politikoki zuzena. Gainera, urte amaieran estreinatu da, bozketak jada martxan zeudenean.

Horregatik, oso eskertzekoa da gu “lerratu” izana eta Akademiako kideek zinemarako gure grina aintzat hartu izana. 

Zure pelikulek zazpi Goya sari irabazi dituzte, Urrezko Maskorra ere badaukazu… Zer balio ematen diezu zinema munduko sariei?

Norberak ematen dien balioa besteek ematen diotenarekin lotuta dago. Sari batek ez dio obra bati kalitaterik gehitzen eta beti ez dira bidezkoak izaten, baina ateak zabaldu ahal dituzte. Eszeptikoak konbentzitzen laguntzen duten aurkezpen txartelak dira.

Hori bai, nire ama ez da intelektuala, sariak atsegin ditu eta kito, eta esana dit ez itzultzeko etxera saririk gabe.

Estreinatu eta jaialdietatik (Sitges, Seminci…) pasatu eta gero, nola erantzun dute “Baby”ren ikusleek? Zer harreman duzu kritikariek eta publikoak zure lanen gainean ematen dituzten iritziekin?

Babes handiena eta oniritzi zabalena eman didan nire pelikuletako bat izan da. “Baby”ren inguruko gauza benetan politak entzun eta irakurri ditut.

Besteekin partekatzeko kontatzen ditugu istorioak, sentitzen dugun baina nekez adieraz dezakegun hori azaleratzeko. Horregatik, narratzailea publikoarentzat bizi da. Atsegin dut solasaldiak egitea eta ikusleen interpretazioak entzutea. Horien bidez ohartzen naiz zergatik egiten ditudan pelikulak.

Antzeko zerbait gertatzen da prentsa zinematografikoarekin, baina horiek bere burua salatzen duten interesen alde jarduten dute batzuetan.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri