Euskal idazleak, ikasleen eredu

  • Euskal idazleak, ikasleen eredu
    Yolanda Arrieta idazlea Tolosako Samaniego ikastetxeko ikasleekin saioa egin aurretik.

  • DataMartxoak 1
  • Gaia Literatura

Euskal Idazleen Elkarteak 20 urte daramatza 'Idazleak ikastetxeetan' egitasmoarekin EAEko eskoletan idazleen aurrez aurreko saioak eskaintzen, euskal literatura transmititzeko eta irakurketa sustatzeko helburuarekin.

Euskal Idazleen Elkartearen (EIE) programa arrakastatsua da Idazleak ikastetxeetan. Duela 20 urte Donostian sortu zuen idazle talde batek eta helburua argia izan da hasieratik: eskoletan euskal literaturaren transmisioa lantzea. Horrez gain, egitasmo honek barne hartzen ditu ikasleengan irakurketa sustatzeko lanean baliagarri izatea, baita irakasleei sorkuntza lantzeko tresnak eskain-tzea ere. Aurrerago, EIEk Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin hitzarmena sinatu zuen eta horri esker, urtero 268 ikastetxetan saioak egiteko diru-laguntza jasotzen du egitasmoak.

Eta arrakasta bistakoa da. Aurreko ikasturtean EAEko ikastetxeetan 333 solasaldi hitzartu zituzten –diru-laguntzak baliatutakoak baino gehiago–, eta Nafarroako Liburuak gozagarri ekimenaren bidez, aldiz, 160. Orotara, 493 solasaldi eskaini zituzten Euskal Herriko ikastetxeetan. Hala ere, pandemiaren ondorioz, soilik 106 saio egitea lortu zuten Idazleak ikastetxeetan programaren baitan, egitekoak zirenen %40.

Adin guztietako ikasleei zuzendutako egitasmoa da, Haur Hezkun-tzatik hasi eta Batxilergoraino. Ikasturte bakoitzaren hasieran, EIEko bazkide diren 382 idazleen arteko deialdia egiten da eta programan parte hartu nahi dutenekin osatzen da eskaintza. "Eskaintza oso zabala izaten da: emakumeak eta gizonezkoak, argitaletxe handiak eta txikiak, liburu ezagunak eta ez hain ezagunak, literatura genero zabalduenak eta ezezagunagoak... guztiak jartzen ditugu eskuragarri", azaldu dio egunkari honi Nagore Atelak, Idazleak ikastetxeetan ekimenaren arduradunak.

Behin idazle zerrenda osatuta, ikastetxeetara bidaltzen dute eta bakoitzak aukeratzen du autorea eta liburua. Iaz, EIEko 64 kidek eskaini zituzten solasaldiak. "Aukeraketa egin ondoren eta idazlearekin aurrez aurreko saioa egin baino lehen, liburuaren lanketa oso garrantzitsua izaten da. Ekintza horrekin bakarrik ez da lortzen gure helburuak betetzea, baina irakasleak urte osoan zehar liburua eta autorea lantzen baditu, prozesu osoak amaiera bikaina izatea lortzen da", nabarmendu du Atelak.

Ondo egindako lan horrek bere fruitua ematen du, noski. Ikasleak liburutegira joan eta ikastetxean landu duten idazlearen liburua ikusten dutenean, ezagutu egiten dute, aldez aurretik erreferentziak badituztelako. Ikasturte osoa ematen dute liburua irakurri eta aurretiko lana egiten haurrek zein gazteek, eta horretarako denbora behar denez, idazleekin egindako saioen %80 otsaila eta ekaina bitartean izaten dira.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri