Belle Epoqueko glamourraren bestaldera garamatza Joxean Agirrek bere nobela berrian
- DataOtsailak 26
- Gaia Literatura
Amaren omenez idatzi zuen ‘Ispiluak eta itsasoa’-ren jarraipena da ‘Distira eta alderantzia’, Joxean Agirreren azken eleberria. Luxenburgoko parke batean amari deika negarrez ari den neskato baten eta argazkilari baten arteko topaketatik abiatzen da.
Joxean Agirrek ‘Distira eta alderantzia’ (Elkar) eleberria aurkeztu du. 1920ko Parisen kokatua, Belle Epoqueko glamourraren bestaldea erakusten digu, lantoki ilunetan arropa garestiak josten aritzen diren jostun apalen bizitza. «Nobela konbentzional bat bukatu eta hurrengoa hasi bitarteko» trantsizioko lana da, «sinpleagoa» baina «polita» eta «tonua nahiko ondo mantentzen duena».
Parisen gaude, 1920ko hamarkadan. Euskal Herriko baserri batetik heldu eta argazkilari bihurtu den Maria Garrastazuk, nostalgiak jota Luxenburgo parketik bere eguneroko itzulia ematen ari dela, neskato galdu bat topatuko du, igandetako soineko dotore bat jantzita. Neskatxak zuberotarrez hitz egiten du eta amari deika negarrez ari da.
Horixe da ‘Distira eta alderantzia’-ren abiapuntua, jada mainstream bilakatua den Kafkaren gertakari biografiko baten bariante bat, panpina galdu zuen neskatoarena. Parkeko neskatoaren ama topatu nahian emango dituzte hurrengo egun eta asteak. Eta bilaketa horretan, besteak beste, Belle Epoqueko glamourraren atzeko aldea ezagutuko dugu: ez goi mailako modaren diseinatzaile, modelo eta bezeroen bizitza, baizik eta lantoki ilunetan arropa garesti horiek josten aritzen diren jostun apalena.


