Bilbaoartek Estibaliz Sádabaren "Desdoméstica" erakusketa berria izango du
- DataOtsailak 23
- Gaia Ikusizko arteak
Urazurrutia Aretoak izaera feministako argazki, collage eta bideo esperimentalen erakusketa ireki du.
BilbaoArte Fundazioak zentroan bekadun izandako Estibaliz Sádaba Murguía artista bilbotarraren "Desdoméstica" erakusketa izango du ikusgai Urazurrutia Aretoan. Bideo eta argazki erakusketa hau joan den abenduan, Ateak Zabalik erakusketan, 2021ean ikusgai jartzeko aukeratu ziren zazpi proposamenetatik lehena da.
"Desdoméstica" gaur inauguratuko da, eta astelehenetik ostiralera 17:30etik 20:30era bisitatu ahal izango da, martxoaren 18ra arte. Sarrera doakoa izango da, edukiera mugatuarekin.
"Desdoméstica"n, emakumeek espazio publikoarekin duten harremanaren eta etxeko espazioan duten espetxeratzearen zailtasun historikoari buruzko gogoeta egiten du. Batez ere, bideoa, performancea, argazkia, soinua eta collageak bezalako praktiken bidez lan egiten du. "Lan feminista esperimental horietatik abiatuta esperientzia kolektiboak, pertsonalak eta historikoak transmititzen saiatzen naiz", azaldu du artistak.
Urazurrutia Aretoan aurkituko ditugun piezen artean argazki batzuk eta bideo-performance bat daude, "Las Sobrantes; cartografía de Roma desde una perspectiva de género" izenburupean. Hauek Erroman garatu ziren, 2017an, eta emakumeak historian izan duen presentziari buruz aritzen dira, oso aktiboa dena, baina ikusezina. Etxeko lanek gizartean duten garrantziari buruzko collage batzuk ere ikusi ahal izango dira.
Aretoaren atzealdean "Acciones indomésticas" izeneko proiekzioa ikusi ahal izango da, emakumeak gizartean duen zereginari buruzkoa, emaginatik abiatuta, arkitektura zibikoaren bidez. Bideoak performance batzuen grabazioa jasotzen du. Horietan, besteak beste, ikus daiteke artistak etxeak – historikoki emakumeari esleitutako arkitekturak – tatuatzen dituela emakumeen bizkar gainean, Giotto margolariak egindakoetan inspiratuta, edo tableau vivant serie bat, pintura klasiko desberdinetan emakumearen irudikapenekin.
Azkenik, hormetako batean, atlas domestiko bat aurkituko dugu. Honetan, artistak urte askotan zehar eraiki dituen hainbat irudi aurkezten ditu, argazki, marrazki eta bideo-animazioekin. Konstelazio organiko moduko bat artistaren iruditeria irudikatzeko; bertan, lan egiten duen eta eraikitzen joan den erreferente nagusiak ikusi ahal izango dira.
Artista bilbotarrak teoria eta aktibismo feminista uztartzen ditu, sareak sortzeko eta genealogiak ezartzeko helburuarekin, lana isolatuta gera ez dadin. Bideoetan, gorputza erabiltzen du esperimentaziorako tresna gisa, eta, ondoren, editatzean eta muntatzean, bere ekintzak eta gorputzak editatu eta berreraiki egiten dira. Emaitza, “orain arte hiriko etxe eta eremu periferikora baztertutako” ahots eta soinu berrien sartzea da.
Horrez gain, BilbaoArteko Art House Zinemak erakusketari izenburua ematen dioten ikus-entzunezko piezen proiekzioak hartuko ditu azken astean zehar.
- Asteartean, martxoak 16, 19:00etan: DESDOMÉSTICA I (58’), “Las Sobrantes; cartografía de Roma desde una perspectiva de género” (2017, 28´12”); eta “Subversiones Domésticas” (2020, 29´34”) lanekin;
- eta asteazkenean, martxoak 17, 19.00etan: DESDOMÉSTICA II (68’) «Las Filanderas» (2017-2018, 29´); «Campos De Acción» (2018, 12´); eta «Las Incontables» (2018, 26´54”) lanekin.
Erakusketaren inaugurazioarekin batera, Sábadaren lanaren irudiekin eta Suset Sanchez Sanchez (La Habana, 1977) komisario eta arte kritikariaren "Cartas a Elisa" testuarekin osatutako liburua ere argitaratzen da.
ARTISTARI BURUZ
Estibaliz Sádaba Murguía (Bilbo, 1963) artista eta Arte eta Ikerketa doktorea da. Bekak: Espainiako Akademia Erroman 2018 eta 2016, BBVA Multiverso Beka, Art i Natura Beka Farreran, Parisko La Cité Internationale des Arts, BilbaoArte Fundazioa, Artium Museoa eta Artea eta Zuzenbidea Fundazioa. Erakusketak MUSACen, Mataderon, Centro Centron eta bideo emanaldiak Madrilgo Reina Sofia Arte Zentro Nazionalean, MACBAn eta Fundació Antoni Tàpies eta CDANn. Gainera, praktika artistikoei, aktibismoari eta feminismoari buruzko mintegiak zuzendu ditu Artelekun, Rekalde Aretoan edo Tabakaleran…


