"Maixabel" Iciar Bollainen pelikula filmatzen hasi dira
- DataOtsailak 18
- Gaia Ikus-entzunezkoa
Blanca Portillo eta Luis Tosar aktoreen parte-hartzearekin, Maixabel Lasa Juan Maria Jauregui ETAk hildako politikariaren emazteak hiltzaileekin izan zituen elkarrizketei begiratuko die filmak.
Otsailaren 8an hasita, Maixabel filmatzen ari dira, Iciar Bollain zinemagilearen hamaikagarren film luzea. Blanca Portillo eta Luis Tosar dira protagonistak eta Gipuzkoan eta Araban filmatuko dute.
Isa Campo gidoilariak eta Bollainek idatzi dute Maixabel, EITBren parte-hartzea duen lana. Alberto Iglesias arduratuko da soinu bandaz, Javier Agirre da argazki zuzendaria, Mikel Serrano arte zuzendaria, Alazne Ameztoy soinu arduraduna, Clara Bilbao jantzien arduraduna eta Karmele makillaje burua.
2000. urtean, ETAk Juan Maria Jauregui Maixabel Lasaren senarra hil zuen, eta, hamaika urte geroago, Lasak ezohiko eskaera bat jaso zuen. Jaureguiren hiltzaileetako batek berarekin hitz egin nahi zuela adierazi zuen Langraizko espetxetik.
Zalantzen, beldurren eta oinazearen gainetik, Lasak baiezkoa eman zion 16 urte zituenetik bikotekide izandakoa tiroz hil zuten pertsonekin aurrez aurre biltzeari. “Mundu guztiak merezi du bigarren aukera bat”, erantzun zuen senarraren hiltzaileekin aurrez aurre esertzeko arrazoiez galdetu ziotenean.


