Hirigintza auzi, kultura zentro
- DataOtsailak 17
- Gaia Bestelakoak
Donostiarrismoa hemendik metro gutxira dago, baina inguru hau beste zerbait da». Hiriaren erdigunetik gertu, Tabakaleratik gertu-gertu, baina eremu industrial utzi batean, Mundaiz kalean dago Azpi kultur elkartea. Duela bost urte hartu zuen lur han, hirigintzaren eta artearen eremuetako zortzi lagunek eraikinera sartzea erabaki zutenean. «Nahiko era inprobisatuan», Jonander Agirre arkitektoaren eta Azpiko kidearen esanetan. Sorrera hartako bi kide gelditzen dira egun, eta «errotazio handia» egon da ordutik —2017an batu zen Agirre—, baina sendotuz joan da proiektua, eta horren froga da Atea ekimenaren bilakaera, Agirrerentzat; bai eta, halaber, Eremuak programaren laguntza jaso izana, bai iaz eta baita aurten ere.
1930ean egindako eraikin batean dago elkartea, behinola Vinos y Licores Azpilicueta izandako lantegian —hortik Azpi izena—. Urte luzez, ordea, hutsik egon da, eta leihoak, komunak, argindarra eta bestelako beharrak auzolanean egokituz joan dira kideak azken urteetan. Alokairu bat ordaintzen dute, baina Agirrek azpimarratu du gune guztiz «autogestionatua» dela: «Ez da coworking zerbitzu bat; kultura sustatzeko eta hirigintza eredua jartzeko kolektibo bat gara».
Askotariko jendea biltzea ekarri du horrek, «profesionalki zein sozialki», eta Agirrek hor ikusten du proiektuaren indargune nabarmenetako bat. «Proiektu oso irekia da, eta ez du eskatzen inplikazio oso sakonik; bai gunearekiko gutxieneko ardura bat. Bakoitzak kuota bat ordaintzen du, baina pandemiarekin, adibidez, askori lan egoera ezegonkortu zaie, eta malgu jokatzen saiatzen gara horrekin». Bakoitzaren beharrak eta dinamikak zein diren, gunearen erabilera ere halakoa izan ohi dela dio. Hiru gune nagusi dituzte: erakusketa eremua atarian, eta bulegoa eta tailerra goian —laugarren toki ezkutu bat ere bai: biltegia—. «Bakoitzak erabakitzen du zer gune erabiliko duen: ez dago hasieratik finkatuta», Agirrek. Egun han lanean dauden kideen zerrendak erakusten du argien aipatutako ugaritasuna: Maddi Barber zinemagilea, Iñigo Benito artista eta hezitzailea, Elixabete Beraza arkitektoa, Diego Campos diseinatzailea, Fran Fraca diseinatzailea, Irati Gorostidi zinemagilea, Arantza Santesteban zinemagilea, Xomorro hezkuntza eta zirku taldea, Ane Zaldibar marrazkilaria eta Agirre bera, arkitektoa.


