Pez Limbo: "Agerikoa da ordainduta dagoena, baina sortze-prozesua, entseguak eta ideiak, ez"
- DataOtsailak 4
- Gaia Arte eszenikoak
Pez Limbo-k bere 10. urteurrena ospatuko du 2021ean, 15 ikuskizun eta 900 emanaldi baino gehiagoren esperientzia bilduta.
Edu Hernando eta Josune Velez de Mendizabal ‘Pez Limbo’ arte eszenikoen konpainia dira, eta sorkuntza propioan eta mestizajean oinarritzen dute bere produkzioa, umorea, azidotasuna eta poesia bilatuz, betiere errealitateari begirada kritikoa eginez.
2011n jaio ziren. Garai hartan, Edu Hernando, Raúl Camino eta Begoña Martín Treviñok osatzen zuten konpainia. Elkarrekin 150gr Jaialdia sortu zuten, eta 2020an bederatzigarren edizioa egin berri dute. Harrezkero, aretoko zein kaleko 15 ikuskizun sortu ditu konpainiak, 900 emanaldi ingururekin.
2016an, Raul eta Begoñak beste bide bat hartzea erabaki zuten eta ‘El Mono Habitado’ bihurtu ziren. Edu ‘Pez Limbo’-rekin jarraitu zuen eta Josune Velez de Mendizabal taldera gehitu zen. “Une hori inflexio puntu bat izan zen. Beste konpainia batzuekin elkarlanean hasi ginen, joan den otsailean estreinatu genuen ‘Harri, orri, ar’ bezalako piezak sortuz “, azaldu du EduHernandok. Gaur egun, sortze prozesu berri batean murgilduta daude Unai Lopez de Armentia eta Javier Barandiaranekin batera. Dibertsifikatzea eta jende gehiagorekin nahastea dute helburu, eta, aldi berean, sektore eszenikoa aldarrikatzen jarraitzea, baita beren katearen maila guztien egonkortasuna bermatuko duten neurriak ezartzea ere.
Zuen lana formatu txikiko antzerkian oinarritzen da, mikroteatroan. Zergatik modalitate hau?
150gr. jaialdirako 2011an sortu genuen ‘Espinazo o callos?’ piezarekin hasi zen dena. Errementaria kalean sukaldaritza eskola bat duen lagun batek obra ikusi eta bere lokalean taularatzera gonbidatu gintuen. Hainbat emanaldi egin genituen, bakoitzean 14 lagun, eta guztira 500 ikusle etorri ziren. Konturatu ginen funtzionatzen zuela eta harantzago eraman genezakeela. Beste eszenatoki batzuetara egokitu eta programatzaileei eskaintzen hasi ginen.
Mikroteatroak interesatzen zitzaizkigun gauza asko zituela konturatu ginen, hala nola publikoarekiko hurbiltasuna eta konplizitatea. Gainera, antzokiak bere eraikinaren barruan duen elitismo hori kentzen dio. Antzerkira joatea jende askorengandik urrun geratu da, eta tresna ezin hobea da distantzia hori hautsi eta esentziarik ezagunena ateratzeko.‘Almacenes La Parisienne’ antzezlana./Pez Limbo
Denetariko lekuetan aritzen zarete, hala nola merkatuetan, hilerrietan, dutxa-etxeetan, etab. Ikuskizuna eszenatoki batetik bestera aldatzen al da? Beste modu batera lan egiten da?
Etengabe aldatzen da, baita espazio berean ere, egunaren eta orduaren arabera. Zuzeneko ikuskizuna da, etengabe aldatzen ari da. Ez da gauza bera fokuak dauden eszenatoki batean jardutea, non mikrofonoak eta dozenaka pertsona atzean lanean ari diren, eta obra bera kalean egitea. Ez da ez hobea ez okerragoa, ingurunea ulertu eta egokitzen jakin behar da.
150gr. Jaialdia ‘Pez Limbo’ eta ‘El Mono Habitado’ taldeen ekimena da. Behar al zuen Gasteizek horrelako jaialdi bat? Zein izan da konpainien eta publikoaren erantzuna urteetan zehar?
150 gr., antzokia ez den hurbileko espazioetan lanak erakusteko beharretik sortzen da. Horrelako lehen jaialdia da Gasteizen eta eskola sortu du. Urte hauetan guztietan, ia 90 konpainia igaro dira bertatik, eta publikoak eta konpainiek oso ondo erantzun dute. Jendea erakartzen duen tonu anker samarra du, eta, gainera, ez da antzerkia bakarrik, beste espazio batean ikusteko esperientzia baizik.
Hala ere, ideia nagusia bi behar bateratzea zen: arte eszenikoetan ari garenak gure piezak jendeari erakusteko espazio bat izatea eta bezeroen joan-etorria sortzea, auzoko merkatua sustatuz. Zoritxarrez, azken hau ez da bete, jaialdia urtean behin bakarrik egiten delako. Uste dut artistek zein merkatariek espazio bera partekatu ahal izango genukeela; goizean merkatu gisa funtzionatzea, eta hau itzaltzen denean, artistikoagoa den zerbaitekin abiatzea. Hala ere, zaila da daukagun sisteman egitea.


