32 filmek osatzen dute Punto de Vista 2021 edizioaren Sail Ofiziala
- DataUrtarrilak 29
- Gaia Ikus-entzunezkoa
Hogei herrialdetako hogeita hamabi film lehiatuko dira 2021eko martxoaren 15etik 20ra egingo den Punto de Vista jaialdiaren hamabosgarren edizioaren Sail Ofizialean. Jaso diren 900dik gora filmen artetik, 6 film luze eta 26 film labur aukeratu dira.
Punto de Vista jaialdiaren aurtengo Sail Ofizialak 10 programa izango ditu, gai askotarikoetan arakatuko dutenak: hala nola egunerokotasunaren eta etxekotasunaren behaketa, paisaia eta psikogeografiak, historiari buruzko gogoetak, genero indarkeria eta musika esperimentaleko emakume konpositoreak. Gainera, argazki eta dokumentu artxiboak erabiltzeagatik nabarmentzen diren pelikulak ere proiektatuko dira. Nuria Cubas, María Palacios, Matías Piñeiro, Miguel Zozaya eta Garbiñe Ortega arduratu dira Sail Ofizialaren programazioaz.
900 film baino gehiago jaso dira, hainbat herrialdetakoak: besteak beste, Nigeria, India, Japonia, AEB, Erresuma Batua, Espainia, Belgika eta Mexiko. Den-denak bat datoz jaialdia sortu zuen espirituarekin: hots, errealitatea hautematea ikuspuntu independente eta beharrezko batetik.
Punto de Vistaren 2021eko ediziora, aurreko edizioetan izan diren hainbat zinemagile itzuliko dira: Ana Vaz (“Apiyemiyekî?” lanarekin Punto de Vistak azken edizioan film onenari emandako Sari Nagusia irabazi zuena), Morgan Quaintance (“Early years”, 2020), Eva Giolo (“A Tongue Called Mother”, 2020), Jorge Moneo (“Orbainak”, 2019), Ute Aurand (“Lisa”, 2019), iazko argitalpenaren protagonistetako bat ere izan zena (“Meditaciones sobre el presente. Ute Aurand, Helga Fanderl, Jeannette Muñoz eta Renate Sami”), Mike Hoolboom (“We Make Couples” lanarekin 2017an Sail Ofizialerako hautatua izan zena), edo Miranda Pennel (“The Host” filmarekin Punto de Vistak 2017ko edizioan film onenari emandako Sari Nagusia irabazi zuena).


