Eneko Barberenak irabazi du aurtengo (H)ilbeltza beka

  • Eneko Barberenak irabazi du aurtengo (H)ilbeltza beka
berria.eus

  • DataUrtarrilak 22
  • Gaia Literatura

Landa eremuan girotutako istorio bat jorratuko du 'Xukunetatik aldendu ahala' izeneko proiektuan.

Eneko Barberena Mondragonek (Arrasate, Gipuzkoa, 1983) jasoko du 2021eko (H)ilbeltza beka, Xukunetatik aldendu ahala izeneko proiektua gauzatzeko. Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak antolatzen dute beka 2017tik, euskal literatura beltza bultzatzeko, eta txandaka sormen eta itzulpen lanak saritzen dituzte.

Barberenak landa giroan kokatutako istorio bat jorratuko du. «Mendia eta larreak norenak diren eztabaidatuko du, horien erabilera ezbaian jarriz», azaldu du Garazi Arrula Txapalartako editoreak, Joseba Otondo Baztango alkateak eta Miren Gorrotxategi (H)ilbeltza elkarteko ordezkariak osatutako epaimahaiak. Idazleak landa giroko bizimodua eta herritarren izaerak adierazteko egin duen ahalegina nabarmendu dute. Istorioa atal laburretan egituratuko du, eta horrek zein ahotsen koraltasunak «irakurketa bizia» egingo dutela adierazi dute.

Barberenak Igogailuak, Dow Jones eta beste droga batzuk (Apokaliftin Elkartea, 2002), Martin Larralde (Bonberenea Liburuak 2011) eta Afrikanerrak (Elkar, 2019) narrazio liburuak eta Lurrunak ez du oraindik kristalik estali (Gaztesarea, 2004) poema liburua argitaratuak ditu. Halaber, Periko gazteekin hizketan biografia kolektiboa koordinatu zuen (Txalaparta, 2015). Oraingo proiektua aurrera ateratzeko 6.000 euro jasoko ditu; urtebete izango du liburua idazteko, eta 2022an argitaratuko du, Txalaparta argitaletxearekin.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri