Xsakara: 'Euskal rap generoan eredu izan gura neuke'
- DataUrtarrilak 18
- Gaia Musika
Ilargiaren semea 1619, 10 kantuz osotutako diskoa plazaratu dau autoprodukzinoan. Oraintsu plazaratu dau Deep Sodak aitatu diskoa sustatzeko bigarren bideoa: Deabrua bihurtu naiz.
Hamabost bat urtegaz insomnioa atzemon eutsien, lo egitxi egiten dau bermeotarrak eta Insomnia taldea be ipini dau martxan. Dupla, Kai Nakai eta beste batzuekaz kolaborau dau eta musika arloan danetarik, baita musika klasikoa be, entzuten dauen artisteak urte batzuk barru eredu izan gura leuke rap, hip hop eta musika urbanoan.
1.- Zure lehenengo disko fisikoa da Ilargiaren semea 1619, autoprodukzinoa? Gustora zagoz?
Bai. Oso gustora. Espero nebana baino hobeto etorri da dana. Lan handia egin dogu, zehatz eta sakon. Merezidu izan dau. Autoprodukzinoagaz be pozik nago baina ez dot uste nahitaezkoa danik, musikearen industria sano aldatu da azken urteotan eta gaur egun plataformak, internet, You Tube eta bestelakoak dagoz eta jentearen ohiturak goitik behera aldatu dira. Edozelan be, neuretzat egin dot autoprodukzinoa, lan fisikoa behar neban, txikitatik izan da nire amesa eta plataforma digitalak baztertu barik, gordetako gauzea gura izan dot atara eta zaleak ahaztu barik, disko fisikoa zabaltzea errazagoa dalako, neuk saltzen dodaz eskura eta erregalutzat be erabili daiteke.
2.- Bihotzarentzako pilulak (2019), TiroPun etxeagaz plazaratu zenduan eta 2020an, barriz, Bide okerretik. Gaur egun, autoprodukzinoa da bidea? Merezidu dau disko fisikoa plazaratzea?
Ez. Egoerea dan modukoa da eta damutu ez naz damututen baina nire erabagia izan da eta pozik nago, kontzertuetara eroaten dodaz diskoak eta hor jenteagaz aurrez aurre berba egin eta saltzen dodaz.
3.- Eztauie ulertuten eta Trankil kantuetan bizkaieraz kantetan dozu. Bermeotarra izanda, normaltzat hartu behar dogu?
Bai, zergaitik ez dot egingo ba bizkaieraz, etxeko berbetea da, lagunartekoa eta erabilerea suspertu behar dala entzuten dogun sasoian, neureari ekitea da logikoena. Bost urtean Gernikan ibili naz eta hango berbakerearen ezaugarriak be erabilten ditut. Abesti danatan beti egongo da zeozertxu bermeotarrei keinu eginez.
4.- Spotify plataforman, Bide okerretik (19.294), Gerlari kemenak (29.987) eta Trankil (5.646) dira gehien entzun diranak. Zein da zuk gehien maite dozun kantua?
Ondo dagoz datuok, nondik nora jo eta zaleen gustoak eta ezagutzeko baina aitatu dozuzan horreen artean, Gerlari kemenak kantuak 29.987 entzunaldi izateak ez deust burukominik eragiten, musika urbanoaren munduan nire lehenengoetako ahalegina eta, akaso, horregaitik izan daiteke entzunaldi zaparradea baina ez da nire kanturik gustokoena. Niretzako Bide okerretik kantua kantu indartsuagoa da, oso polita da, gauzak ondo egiten nagoela erakusten deustan kantua.
Hortik gora, niri gehien gustetan jatazanak bi dira, etxean nagoanean entzuteko asko gustetan jat Esaidazu, tristea da, mina da ardatza eta txarto nagoanean, minari buruzko kantu hori entzutea gozagarria da, lasaitzen nauena; eta zuzenean kantetako, barriz, Beldurrik gabe, sentimenduz ganezka datorren kantua da, kantaukeran desahogau egiten naz.


