"Ane", Goya sarien film onenaren atalean izendatuta

eitb.eus

  • DataUrtarrilak 18
  • Gaia Ikus-entzunezkoa

Patricia Lopez Arnaiz “Ane”ko aktore protagonistak Amaia Aberasturirekin (“Akelarre”, 9 izendapen) bat egingo du kategoria horretan. Juanma Bajo Ulloa zuzendari onenaren sarirako izendatu dute.

"Ane", David Perez Sañudo zinemagilearen lehen film luzea, film onenaren Goya sarirako hautagaia izango da Espainiako Zinema Akademiaren sarietan."Adu", "La boda de Rosa", "Las niñas" eta "Sentimental" dira beste pelikula izendatuak. 

EiTBren parte-hartzean duen filma hautagai izango da emakumezko aktore protagonistaren (Patricia Lopez Arnaiz), zuzendari berri onenaren (David Perez Sañudo), gidoi egokitu onenaren (David Perez Sañudo  eta Maria Pares Pulido) eta emakumezko aktore berri onenaren (Jone Laspiur)  ataletan ere.

DAVID PEREZ SAÑUDO "Ane"ren zuzendariarekin elkarrizketa

David P. Sañudo: "Komunikazioari buruzko tesia proposatzen dugu 'Ane'n"

Bestalde, “Akelarre”, EiTBren parte-hartzea duen filma beste film bat, bederatzi ataletan lehiatuko da: emakumezko aktore protagonista (Amaia Aberasturi), efektu bisual onenak, makillaje eta ile-apainketa onena, jantzien diseinu onena, zuzendaritza artistiko onena, soinu onena, jatorrizko musika onena, ekoizpen zuzendaritza onena eta argazkilaritza zuzendaritza onena.

PABLO AGUERO "Akelarre"ren zuzendariarekin elkarrizketa

"Jendeak 'Akelarre' bere borroketarako tresna gisa erabiltzea nahiko nuke"

Halaber, Juanma Bajo Ulloa gasteiztar zinemagilea (“Baby”) zuzendari onenaren atalean izango da hautagai. Pelikula horretarako Bingen Mendizabalek eta Koldo Uriartek eginiko musika ere, gainera, jatorrizko musika onenaren atalean aukeratu dute.



“Homeless home” animaziozko film laburra, Ivan Miñambresek ekoitzia eta Ramon Barea eta Kandido Urangaren ahotsa duena, ere izendatuta dago, dagokion ataletan. Film laburrei dagokienez, baina arlo dokumentalean, "Solo son peces" Ana Serna eta Paula Iglesiasen lana ere izendatuta dago. 

Goya sariak banatzeko gala martxoaren 6an egingo dute, Antonio Banderasek eta Maria Casadok zuzendu eta gidatuta, eta Malagara itzuliko da, iazko hiri berera, baina antzoki txikiago batera oraingoan. Covid-19aren aurreko osasun eta segurtasun neurri guztiak hartuko dituzte, Akademiako presidenteak iragarri duenez, eta ekitaldiaren aurretik edo ondoren jaiak egitea gaitzetsi du.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri