Euskararen aurkako eraso bat jasan dutela salatu du Eneko Sagardoik
- DataUrtarrilak 4
- Gaia Arte eszenikoak, Musika
Beethovenen bi obra aurkezten ari da aktorea EGO fundazioarekin batera. Atzo, Gasteizen, «eta gazteleraz noiz?» oihukatu zuen ikusle batek Sagardoik euskarazko parlamentua bukatutakoan.
«Eta gazteleraz noiz?». Hori oihukatu zuen atzo Gasteizko Principal Antzokian zegoen ikusle batek Euskal Herriko Gazte Orkestra Fundazioak antolatutako kontzertuan. Narratzaile lanak egiten ari zen Eneko Sagardoi aktorea, eta hark salatu du gertatutakoa Twitterren. «Momentu desatsegina» izan zela aitortu du.
Ludwig van Beethovenen Ah perfido! eta Egmont obrak aurkezten ari da Sagardoi EGO fundazioarekin batera; aktoreak narratzaile lanak egiten ditu bigarren obran. Atzo, Gasteizen, euskarazko lehenengo parlamentua bukatutakoan egin zioten oihu publikotik, baina normaltasunez jarraitu zuen kontzertuak.
Sagardoiren iritziz, «agian, euskara ez ulertzeak baino amorru gehiago eman dio beste zerbaitek, baina baliteke ni erratuta ibiltzea». Izan ere, berak euskaraz irakurri aurretik, Jone Martinez sopranoak italieraz kantatu zuen Ah perfido! eta alemanieraz Egmont, baina oihua euskara erabilitakoan gertatu zen.


