'Lur eta Amets' animaziozko filma estreinatu aurretik, haurrentzako ikuskizuna herriz herri
- DataUrtarrilak 8
- Gaia Ikus-entzunezkoa
Euskal Herriko historia haurrei ezagutarazteko lagungarria izango den filma otsailaren 7an estreinatuko da aretoetan. Aurretik, hainbat herri eta hiri bisitatuko ditu pelikularekin lotutako ikuskizunak.
Bi hilabete barru estreinatuko da zinema aretoetan Lur eta Amets animaziozko euskal filma. Aurretik, pelikulako anaia-arreba protagonistek herri eta hiri ugari bisitatuko dute filma aurkezteko eta abenturaz beteriko ikuskizuna eskaintzeko.
Euskal Herriaren historia “gure ikuspuntutik” kontatzea du xede Lur eta Amets-ek, izenburu bereko ipuinek egin duten moduan. Ikastolen Elkarteak, Katxiporretak eta Elkar argitaletxeak sustaturiko egitasmoa 2015ean jarri zen abian Lur eta Amets, Euskal Herriaren historia liburuarekin eta haren atzetik bederatzi ipuin eta mahai-jokoa ere argitaratu dituzte.
Filma bide horren hurrengo urratsa izango da, baita ekoizpen horren eskutik aurkeztuko den ikuskizuna ere. Aretoetan estreinatu aitzin, Lur eta Amets ikuskizuna asteburu honetan bertan ikusi ahal izango da Arrasaten (urtarrilak 10), Bilbon (11) eta Altsasun (12).
Ondorengo asteetan ere gelditu gabe ibiliko dira: urtarrilaren 17an Eibar bisitatuko dute, 18an Gasteiz, 19an Getxo, 22an Iruñea, 29an Donostia, 31n Barakaldo eta otsailaren 1ean, azkenik, Beasain.


