"Zaindu gaitezen momentu horiek berriro bizi ditzagun" da euskal ostalaritza babesteko kanpainaren leloa

2020.eko abenduak 18

 “Zaindu gaitezen momentu horiek berriro bizi ditzagun” leloarekin jarri du abian Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak euskal ostalaritza babesteko kanpaina, foru-aldundiekin, hiriburuetako udalekin eta sektoreko elkarteekin elkarlanean.

Kanpaina diseinatzean, ahalik eta koordinazio sektorial eta instituzional handiena bilatu da, COVID-19aren osasun-krisiak zigortutako sektore bati babesa erakusteko eta mezu argi bat nabarmentzeko: erantzukizun indibidualari egiten zaio deia, ostalaritzako eta gure bizitzako osasun-arauak zaindu daitezen.

Gure bizitzako une garrantzitsu horiek babestea eskatu nahi da, eta, horretarako, pertsonarengan jarriko da arreta, pertsonak konponbidean parte har dezan, erruduntzat jo gabe. Hori guztia, taberna eta jatetxeetan denok partekatzen ditugun une txiki horien beharra ahaztu gabe, hala nola "osteguneko kañak, zeure buruari omenalditxo bat egitea, auzoko pintxo horiek, igandeetako txibia-erroak familiarekin, etxean bezala bazkaltzea...

Iragarkia filma baten hasiera modura planteatu da: kreditu-izenburu gisa, geldirik dauden espazioen plano lasai baten bidez, lotan eta esnatzeko zorian baileuden. Ikusleek eszenak beren oroimenetik ikusiko balituzte bezala erakusten dira planoak, lehen pertsonako jolasa sortuz. Ez dugu ikusten pertsiana baten aurrean dagoen pertsona bat, pertsiana bera ikusten dugu edo itxitako negozioa barrutik.

Gainera, soinuak ideia hori nabarmentzen du eta benetan funtsezkoa dena azpimarratzen du: kale-isiltasunak hutsaren ideia areagotzen du. Horrez gain, kontakizunean, testua gehitzen zaio irudiari, eta testuak erritmoa jartzen dio kanpainaren mezuari “Zaindu gaitezen momentu horiek berriro bizi ditzagun: osteguneko kañak, zeure buruari omenalditxo bat egitea, auzoko pintxo horiek, igandeetako txibia-erroak familiarekin, etxean bezala bazkaltzea...”.

 Kanpainari gaur, ostirala, emango zaio hasiera telebistan, irratian, hedabide digitaletan eta sare sozialetan, gizarteari gogorarazteko geure burua zaindu behar dugula eta zaindu behar ditugula (ostalaritzari eta gainerako pertsonei erreferentzia eginez), une horiek berriro bizi ditzagun.