Zabortegietan espezializatutako enpresa holandar batek aholkua ematen dio Ingurumen Sailari Zaldibarren

Argitalpen-data: 

Zaldibar_4.jpg
  • Richard Gronert, zabortegien kudeaketan aditua, bertan dago goiz-goizetik lur-eremua ebaluatzen

 

Ikuspuntu teknikotik eraginkorrak eta bideragarriak diren irtenbideak aurkitzeko xedez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak hainbat adituren lankidetza bilatu du. Gaurtik aurrera, ingurumen-kudeaketan espezializatutako Afvalzorg Holandako sozietate publiko-pribatua ere arituko da haiekin batera.

Richard Gronert, erakunde horretako proiektu-burua, Zaldibarrera joan da goiz-goizetik, zabortegia egonkortzera zuzendutako geoteknia-lanak gauzatzen ari den taldearekin bat egiteko. Talde horren partaideak ingurumen-ingeniaritzako enpresa bat eta eraikuntza-enpresa espezializatu bat dira.

Ingurumeneko sailburuorde Elena Morenok, Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendari Aitor Zuluetak eta Ingurumen Saileko pertsonal teknikoak lagunduta, holandar aditu hau zabortegiko kota goreneraino igo da, zabortegiko ontziaren oraingo egoera egiaztatzeko eta arazo premiazkoenak eta bideratu beharreko lehentasunak identifikatzeko. Gainera, Sailean dagoen dokumentazio tekniko guztia eskuratu ahal izan du.

Richard Gronert zabortegietako biogasa energia bihurtzeko proiektuetan dago espezializatuta, eta baita zabortegi eta hondakinen kudeaketa jasangarrian ere. Esperientzia luzea du hondakinen kudeaketa jasangarrirako irtenbide praktikoak eta hobekuntzak eskaintzeko lanean. Hainbat proiektuetan parte hartu du, besteak beste herrialde hauetan: Myanmar, Indonesia, Turkia, Eslovakia, Tailandia, Nepal, India, Georgia, Curaçao, Aruba, Fiji, Herbehereak eta Espainia.