URAk Zadorra ibaia babestuko du ur handiko ibilgu batekin eta lubeta batekin, Abetxuko eta Gamarra artean uholdeak saihesteko

2020.eko urtarrilak 15

  • Ur handietarako ibilguak ibaiaren hustubide-ahalmena handituko du; lubetak, berriz, ur handiei eutsiko die, eta inguruko trafikoaren inpaktu bisuala eta akustikoa murriztuko du

  • Bi milioi euroko inbertsioa duen obrak erabilera publikorako gune berde bat egokitzea ere aurreikusten du, eta Eraztun Berdeko oinezkoentzako eta txirrindularientzako ibilbideei jarraipena emango die

  • Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak adierazi duenez, obrek "uholdeak izateko arriskua nabarmen murriztuko dute, ibaiaren ibilgua hiri-parke gisa berreskuratzen den bitartean"

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak Zadorra ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektuaren bigarren faseko obrak bisitatu dituzte. Ura Abetxuko zubiaren eta Gamarra Nagusiko zubiaren arteko zatian egiten ari da proiektua. Bisitan, Ernesto Martinez de Cabredo Uraren Euskal Agentziako zuzendaria, Ana Oregi Gasteizko alkateordea eta Cesar Fernandez de Landa Ingurumenaren Plangintza eta Kudeaketako zinegotzia ere izan dira.

Jarduketa Gamarra Nagusiko zubitik ibaian behera ur handiek hartuko duten ibilgu bat sortzean datza, Zadorraren ezkerraldean: ibaiaren hustubide-sekzioa handitzeko eta, horrela, uholdeen altuera eta hedadura murrizteko, bai tarte horretan, bai ibaian gora.

Behin ibilgu bikoitza sortuta, babes-lubeta bat eraikiko da ezkerreko ertzeko uholde-lautadan zehar, Zadorra etorbidearen paraleloan, bi helbururekin: errepikatze-denbora handiko uraldien (500 urte) ur-lamina industria-eremura iristea saihestea, eta ibilgailuen zirkulazioak aldameneko berdegunean eragiten duen inpaktu akustikoa eta bisuala murriztea.

Ubide bikoitza sortu denez, ingurumen-balio txikiko 500 zuhaitz inguru kendu behar izan dira (makalak, batez ere), eta horien ordez ibaiertzeko espezieen 800 ale berri landatuko dira, bai bidegorriaren parez pareko lubetan, bai birjarriko diren berdeguneetan.

Izan ere, obrak Zadorra ibaiaren parkean integratutako berdegune osoa erabilera publikorako egokitzea aurreikusten du, eta, hartara, hiriko Eraztun Berdearen zati diren oinezko eta txirrindularientzako ibilbideei jarraipena emango die.

Jarduera osoaren aurrekontua 2 milioi eurokoa da, eta 2020. urtearen amaieran amaitzea aurreikusten da.

Gainera, Zadorraren eskuinaldean, eremu berde bat eraikiko da: horretarako, gaur egun hondakin inerteak kontrolik gabe isurtzearen ondorioz degradatuta dagoen eremu baten paisaia lehengoratuko da, eta  oinezkoentzako bide-sare bat egitea aurreikusten da, besteak beste.

Arriola sailburuak proiektuaren izaera berritzailea nabarmendu du, "Inguru horretan uholdeak izateko arriskua nabarmen murrizteaz gain, ibilguaren ingurumena berreskuratzen da, eta  herritarrek gozatzeko hiri-parkea berriztatu egingo da".

Bestalde, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ontzat jo du Eusko Jaurlaritzak hiriarentzat estrategikoak eta positiboak diren proiektuen alde egindako apustua. "Erakundeen arteko elkarlana funtsezkoa da garapen ekonomiko eta sozialean. Funtsezkoa da positiboan aurrera egiten jarraitzeko eta Gasteizko zonalde honetakoa bezalako beharrei erantzuna emateko, uholde-arriskuak murrizteko. Gainera, obra hauekin, hiriak Zadorra ibaiaren parkean integratutako gune berde bat izango du, oinezko eta txirrindularientzako ibilbideei jarraipena ematen diena eta gure bitxietako baten parte den Gasteizko Eraztun Berdea. Inbertsio honekin herritarrek irabazten dute, inguru naturalak irabazten du eta hiriak irabazten du ', nabarmendu du alkateak.

Uraren Euskal Agentziako zuzendari Ernesto Martínez de Cabredok nabarmendu duenez, "honako jarduketa hau mugarri garrantzitsua da Gasteiz Zadorraren uholdeetatik babesteko. Azpiegitura berde batez ari gara:  ibaiaren berezko portaera imitatzen du, hiri-bilbeari ur-goraldiaren berezko errepikapenarekin batera bizitzeko aukera ematen dio, eta Zadorra ibaiari hiritik igarotzean egoera hobetzeko aukera handitzen du".

II. fase honetako lanekin jarraitzea, dagoeneko ekin baitzaie

Orain egiten ari diren Zadorra ibaia uholdeetatik babesteko II. faseko lanek jarraipena ematen diete bere garaian aurreratu ziren beste jarduketa batzuei.

Alde batetik, 2018an amaitu zen Abetxukuko zubi zaharraren egokitzapen hidraulikoa eta arkitektonikoa; jarduketa horrek Zadorraren hustubide-ahalmena handitu zuen puntu horretan, 328 m ³/s-raino, 100 urteko errepikatze-denborako uholdeen pareko emaria, eta XIX. mendeko zubiaren egitura birgaitzea ahalbidetu zuen, kultura-ondasun izendatua. Proiektuak 850.000 euroko egikaritze- kostua izan zuen.

Bestalde, 2015ean, Abetxukuko oinezkoen pasabide zaharraren ordez (Gasteizerako hornidura-hodiek osatzen zuten pasabide horrek uren jario askea oztopatzen zuten), beste pasabide bat jarri zen, aurrekoaren bi aldiz sekzio hidraulikoarekin. Horren ondorioz, ubidearen azpian (bypass) hodi bat eraiki behar izan zen hiria hornitzeko, pasabide zaharrari eusten zioten hodien ordez.