Txagorritxuko Arabako Unibertsitate Ospitaleak positibo berri bat antzeman du bi pazienterengan eta osasun-profesional batengan COVID-a detektatu ondoren egindako kontaktuen miaketan

2020.eko ekainak 08

  • Kutsadurak detektatzeko egin diren 75 PCR baino gehiagotatik, bigarren pazientea bisitatzen zuen pertsona batek positibo eman du eta gainerako guztiek negatibo eman dute
  • Basurtuko Ospitaleak kontaktuen azterketa egin du, COVID izan gabe ospitaleratu ziren bi pazientek positibo eman ondoren

Arabako Unibertsitate Ospitaleak (Txagorritxu) COVID kasu berri bat atzeman du solairu berean hiru positibo eman eta gero (bi paziente eta profesional sanitario bat) martxan jarritako miaketa-neurrien ondorioz. Orain arte, 75 PCR baino gehiago egin dira kontaktu estuetan, bai zentroan bertan, bai kanpoan, paziente eta profesionalen artean, eta pertsona bakarrak eman du positibo. Bigarren gaixoa erregulartasunez bisitatzen zuen pertsona da. Beraz, positiboen kopurua 4 da, eta gainerakoak negatiboak izan dira.

Txagorritxu AUOk lehen unetik jarri ditu martxan pazienteen eta profesionalen segurtasuna bermatzeko eta transmisioa deuseztatzeko babes-neurri guztiak. Hauek dira neurri horiek:

  • COVID bi pazienteen berehalako isolamendua eta profesional sanitarioaren etxeko isolamendua
  • Zentroko zein kanpoko profesionalen eta pazienteen kontaktu estu guztiak identifikatzea. Guztiei egin zaie PCR-a eta isolamendua adierazi zaie.
  • Neurri osagarri gisa:
    • PCR probak egin zaizkie lehen pazientea ospitaleratuta dagoen unitateko paziente guztiei.
    • Txagorritxuko AUOn ospitaleratuta egonik sukarra izan duten paziente guztiei proba diagnostiko bat egin zaie.
    • Bi paziente positiboak egon diren gelak desinfektatu dira.

BASURTUKO UNIBERTSITATE OSPITALEA

Basurtuko Unibertsitate Ospitaleak beste ikerketa bat ireki du, negatibo ospitaleratu zituzten pazienteen artean koronabirusean bi positibo detektatzeagatik. 80 pertsona baino gehiago hartzen dituen kontaktuen azterketa egin ondoren, pazienteen eta profesionalen artean, 8 pertsona positibo gehiago detektatu dira. Horrela, guztira 10 lirateke (8 paziente eta 2 profesional). Segurtasun neurri gisa, pazienteak zeuden lekuak desinfektatu dituzte, eta horiek Revilla pabiloiko lehen solairura eraman dituzte.

ZAINTZA ETA KONTROL SAREA

Bi ospitaleetan PCRak egiteko kontaktuen eta zitazioen azterketa Zaintza eta Kontrol Sareak egin du. Erizaintzako, ospitaleetako lan-osasuneko eta Epidemiologiako kudeatzaileen lan estuari esker, kontaktu guztiak identifikatzea lortu da: isolamendua adierazteko deitu zaie eta PCR egiteko hitzordua eman zaie.

Talde hori maiatzaren hasieratik dago martxan, eta COVID-19 kasuak garaiz detektatzea du helburu, bai eta horien eta haien kontaktuen jarraipena egitea ere, pandemiaren ibilbidea monitorizatu ahal izateko.

DATU EGUNERATUAK

Osasun Sailak Euskadiko egoera epidemiologikoa eguneratzen du COVID-19ri dagokionez, informazio honen bidez:

EGINDAKO PROBAK

Atzo 1.103 proba egin ziren guztira (1046 PCR eta 57 test azkar).

BAIEZTATUTAKO KASUAK

Atzo PCR bidez baieztatutako positibo berriak 8 dira. Lurraldeka, hauek dira kopuruak: 1 kasu berri Araban eta 7 Bizkaian.

"Test azkarra" dela eta atzemandako kasuak 3 dira.  Proba horrek hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen ditu, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezakete.

POSITIBOEN ETA OSPITALEETAKO EGOERA

Orain arte 1.574 pertsona hil dira guztira, eta atzo beste bat hildako bat erregistratu zen zen. Gainera, 18 pertsonak ZIUn jarraitzen dute.

Egoera epidemiologikoa

https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/boletin_coronavirus/es_def/adjuntos/8_junio_Boletin.pdf

Egoera asistentziala

https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/boletin_coronavirus/es_def/adjuntos/8_junio_Datos_Asistenciales.pdf

 

AZALPEN OHARRA: gaurko txostenak aldaketa bat jasotzen du berreskuratutako pertsonen kopurua aurkezteko moduan. Alde batetik, test negatiboa duten pertsonen kopurua bereizten da (PCR positiboa izan ondoren, azkenean negatiboa eman dute), eta, bestetik, ospitalean alta jaso dutenen kopurua. Osasun Sailak uste du modu hori zehatzagoa dela; izan ere, baliteke, adibidez, ospitalean alta eman zaien pertsonak egotea, eta haien PCRak positiboa izaten jarraitzen du, baina ez du ospitaleratuta egon behar.

Halaber, bikoiztasunak saihesteko egiten ari diren berrikuspen sakonaren ondorioz, aldakuntzaren bat egon liteke hildakoen eta PCR positiboa duten pertsonen kopuruetan.