Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak COVID-19aren aurreko laguntza, neurri eta informazio praktiko guztien berri eman dio sektoreari

blur-1850082_1920.jpg

2020.eko apirilak 07

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak COVID-19ari aurre egiteko hainbat laburpen eta gida praktiko egin ditu aste hauetan, eta, aldizka, merkataritzaren eta turismoaren sektoreari bidali dizkio. Gainera, kontsumitzaileentzako gomendioak eta erantzunak ere prestatu ditu.

Dokumentuen artean (sektorekako eta erakundeen arteko bileren txostenak, protokolo espezifikoak, gomendioak…) enpresentzako eta autonomoentzako laguntzen bilduma bat dago, kontuan hartuta merkataritza-sarearen zatirik handiena enpresa txiki eta oso txikietan oinarritzen dela eta sektore turistikoak ere bere konturako langile ugari dituela.

Txikizkako 24.000 merkataritza-establezimendu baino gehiagoetatik eta Gizarte Segurantzako 82.000 afiliatuetatik 29.400 autonomoak dira. Turismoari dagokionez, jarduera turistikoekin lotutako enpresetan ia 107.000 afiliazio daude, eta horietatik 21.000 autonomoak dira.

Laguntzen dokumentuak Espainiako Gobernuaren 6/2020 Errege Dekretua, 8/2020 Errege Dekretua eta 11/2020 Errege Dekretua jasotzen ditu. Horrek, besteak beste, luzamendu bat ezartzen du Gizarte Segurantzarekiko betebeharren edo ohiko etxebizitzari eta jarduera garatzen den lokalari dagokion hipoteka-zorraren ordainketa-betebeharretan. Era berean, honako hauek ere azaltzen dira: hipotekaz kanpoko kredituen betebeharrak etetea; bonu soziala; Gizarte Segurantzarekiko zorrak atzeratzea; finantzatzeko KOI lerroak; eta elektrizitatea eta gasa hornitzeko kontratuak malgutzea; besteak beste.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak zehazten dira, hala nola COVID-19rako Finantzen Euskal Institutuaren premiazko laguntzen ildoa; autonomo eta enpresaburu indibidualentzako laguntzak; euskal parke publikoko alokairuak salbuestea edo pentsio-planaren erreskateak egitea.

Aldundien neurriak ere jasotzen dira: zergen epeak luzatzea eta ordainketak atzeratzea; zerga-zorren zatikako ordainketak eta zatikatze berezia edo alokairuen ordainketa geroratzea. Sektorearen zalantza eta galderei dagokienez, Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioaren gida praktiko bat gehitu da. Horrekin guztiarekin, Sailak sostengua eta laguntza eman nahi dio sektoreari, baita Elkargiren bidezko tramitazioarekin ere, eta haiekin zuzenean lankidetzan aritzen da.