Tapia: "Konfiantza dut, lehenik eta behin, gure gaitasunetan eta baliabideetan; Europako funtsek baldintzak dituzte, eta enpresek eta administrazioek lehenbailehen ezagutu behar ditugu horiek"

Argitalpen-data: 

  • Lehentasuna da enpresek eta administrazioek ezagutzea gure ekonomia hobetuko duten eta enplegua sortuko duten proiektu eraldatzaileak definitzeko baldintzak. Horretarako, lehenik eta behin, konfiantza izan behar dugu gure gaitasunetan eta baliabideetan, eta gero, Europako funtsak erabili, horiek ez baitira panazea, denon artean itzuli beharko ditugu eta
  • Gipuzkoako metalaren hitzarmenarekin lortutako akordioak erakusten du inklusiboagoa eta parte-hartzaileagoa den enpresa-kultura berria lantzea ez dela hitzarmen kolektiboen kontrakoa, eta ez duela horiekin amaitu nahi. Lan-harremanen esparru berria posiblea da.
  • Hondakin industrial gutxiago sortu behar ditugu, eta horiek sailkatu eta tratatu behar ditugu, zabortegia azken aukera izan dadin, denborarekin erabat desagertu arte

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak gaurkotasuna aztertu du Radio Euskadiri emandako elkarrizketan, eta honako gai hauek azpimarratu ditu:

COVID-19a: Euskadi, Europako edozein herrialde bezala, onenerako eta okerrenerako prest egon behar da. Bilakaeraren arabera, beharrezko neurriak hartuko dira, martxoko konfinamendua bezalako bat saihesteko.

Transferentziak: azken atzerapena izatea espero dut. Pandemiak Gobernuaren zenbait alderdi moteldu ditu, baina birusarekin bizitzen ikasi dugun honetan, aurrera egin behar dugu.

Estatus berria: ba dago lana aurreratuta, eta orain, Legebiltzarrak aurrera egin behar du eraikita dagoen horren gainetan. Hori da bidea.

Lan-gatazkak: espero dut lan-harremanen esparru berri bat hastea, Gipuzkoako metaleko hitzarmenarekin gertatu den bezala. Adegi enpresa-kultura berria lantzen hasi zen,, (gardentasunarekin, langileek parte hartzeko formulak gehituta), eta Eusko Jaurlaritzak ere bultzatu zuen bide hori. Ildo hori lantzea eta, aldi berean, hitzarmen kolektiboak aurrera ateratzea posible dela frogatu da. Bere garaian esan genuen bezala, osagarriak dira, batak ez du bestea baztertzen. Zailtasunak dituen enpresa bateko lan-gatazkak ulergarriak dira. Beste batzuk gutxiago ulertzen ditut, hala nola atzo Osakidetzak iragarritako greba edo ikasturte hasieran hezkuntzan egin zena. Eusko Jaurlaritza prest dago lan egiteko, hobekuntzak ezartzeko, etengabeko hobekuntza txertatuta daukagu gure ekintzan, baina bik ez dute hitz egiten haietako batek nahi ez badu.

Europako Funtsak: itxaropen gehiegi sortzen ari dira, kontuan hartuta funts horiek iristeko EBk berak zorpetu behar duela eta guztion artean itzuli behar ditugula. Eta oraindik ez dakigu zein diren proiektu horiek lortzeko baldintzak. Lehentasunezkoa da enpresek eta administrazioek proiektu eraldatzaile eta azkar horiek zeintzuk diren jakitea, eta, horretarako, lehenik eta behin gure gaitasunetan eta baliabideetan konfiantza izan behar dugu, eta gero Europako funtsetara jo. Europako beste laguntza-deialdi batzuetan sartzen jakin dugu, baita beste mota batzuetakoetan ere.

Garapen jasangarriak ingurumenaren alde lan egitea eta klima-aldaketaren aurka borrokatzea esan nahi du, baina baita filosofia hori hondakinen ekoizpenean eta tratamenduan sartzea ere; garai batean kalitatea enpresa-kulturan txertatu genuen bezala, ingurumenaren zaintzaren kultura txertatuko dugu garapen ekonomikoan. Ez da gauza berria, ingurumenarekiko kontzientzia badago industria tradizionalean, dagoeneko egiten ari da, baina zabaldu eta indartu egin behar da.

Enpresa kontzeptu berria sortu nahi dugu ingurumenaren sektorean ere, kalitatezko enplegu gehiago sortuko duen ekintzailetza teknologikoarekin. Hori errealitate bat izango dela pentsatzeko aukera ematen duten jarduera asko daude.

Krisi ekonomikoa: horrelako krisi batek, jarduera ekonomiko guztia ixteak, egoera honetara eraman gaitu. Gaur egun, ondorio horretan gaude, eta % 2 galdu da, egia da, baina gure betebeharra da arazoak dituzten enpresei 2021ean ere mantentzen laguntzea, eta zaila izango da. Langabezian daudenei ere arreta eman behar diegu. Laguntzarako programa bereziek aurreikusten dute porrotak egongo direla.

Zaldibar: inguru "beroan" sartuko dira gaur, Joaquin Beltran bilatzeko analisi zehatzago batekin. Baliabide guztiak jarriko ditugu hor, meteorologiak uzten badu.
Ondoren zabortegia itxiko da. Helburua da halako zabortegi guztiak desagerraraztea. Ezin dugu egun batetik bestera egin, baina hori da bidea. Herri honetan hiri-hondakin solidoen kudeaketarekin egin den lana, araudi oso zehatz bat duena, industria-hondakinekin egin behar da orain. Hondakin industrial gutxiago sortu behar ditugu, eta sailkatu eta tratatu egin behar ditugu, zabortegia azken aukera izan dadin, harik eta denborarekin desagertzen diren arte.

 

Informazio gehigarria