Tapia IE2020an: "Industria mundua aldatzeko tresna bat da, eta emakumeok asko dugu esateko eta egiteko industria berri horretan"

tapia_04.jpg

2020.eko abenduak 10

  • Beren etorkizun profesionala erabaki behar duten 600 ikasleren aurrean, Ekonomiaren Garapeneko sailburuak deia egin die Herriaren beharrei erantzungo dieten pertsona prestatuei
  • Gauzak asko aldatu dira, eta euskal industria teknologikoki aurreratua, garbia eta nazioartekoa da
  • Bertan, lantaldeak kudeatu daitezke; produktuak garatzeko proiektuak egin; ekoizpenari aplikatutako softwarea landu; zibersegurtasunak, digitalizazioak eta datuek orain ezagutzen ari garen esparruetara garamatzate; bidaiatzeko aukera emango dizuete; ikerketa egin ahal izango duzue, eta kalitatezko enplegua lortu

Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuak IE2020 – Industria Egunean parte hartzen ari ziren 600 ikasle baino gehiagori zuzendu zaie gaur, online programa bat eta Gipuzkoako 10 industria-enpresen lantegiak bisitatzea uztartu dituen ekitaldian. Helburua da gazteei gerturatzea industriaren errealitatea, gizartearen eragile den aldetik, eta garapen profesionalerako duen erakargarritasuna eta etorkizuna baliaraztea.

Tapiak gogorarazi duenez, COVIDa erabakigarria izan da eta izaten jarraitzen du gure ekonomian, baita mundu osoarenean ere, baina gizarte eta herri gisa ditugun erronkak hor daude, eta “borrokatu” egin behar ditugu:

“Pertsona prestatuak behar ditugu. Mutilak, bai, baina baita neskak ere. Ez galdu industriak zuen eskuetan jartzen duen aukera. Industria mundua aldatzeko tresna bat da, eta emakumeok asko dugu esateko eta egiteko industria berri horretan”.

“Gauzak asko aldatu dira, eta euskal industria teknologikoki aurreratua, garbia eta nazioartekoa da. I+G arloan oso ahalegina garrantzitsua egiten ari gara, eta enpresa batzuk munduko liderrak dira. Kalean ikusten dituzuen autobusak eta autoak fabrikatzen dituzten enpresez ari gara, erabili ohi dituzuen eta aurki gidatu ahal izango dituzuen autobusak eta autoak fabrikatzen dituzten horiez. Mundu osoan zehar dauden tren batzuk Euskal Autonomia Erkidegoan eginak dira. Hegazkinen motorrak, kirol-arropa, itsasontziak… Industria, azken batean, une honetan irekitzen zaizkizuen aukeren mundu bat da”.

Tapiak irtenbide profesionalean pentsatzen ari diren gazteei esan die industrian lantaldeak kudeatu ahal izango dituztela; produktuak garatzeko proiektuak egin; produkzioari aplikatutako softwarea landu; etorkizun hurbilean erabakigarria izango den zibersegurtasuna landu; digitalizazioak eta datuek orain ezagutzen ari garen esparruetara eramango gaituztela; batzuei bidaiatzeko aukera emango dietela; ikerketa egin ahal izango dutela.

Euskadi herrialde industriala da, eta industriak aukera asko zabaltzen ditu, ate asko.

Ildo beretik, Tapiak honako hau gogorarazi die: “Euskal Autonomia Erkidegoko industriak ez du zerikusirik zuen adinean ezagutu genuenarekin. Lantegi ilun eta zikineko, koipez zikindutako eskuetako eta buzo urdinetako industria hura ez datoz bat gaur egungoarekin”.