Tapia: "Gure misioa da suspertze ekonomiko enplegu-sortzailea bizkortzea"

2020.eko abenduak 16

  • Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak Berrikuntzaren Gida aurkezteko ekitaldian parte hartu du
  • “Aukera gisa hartu behar ditugu eraldaketa digitalak, energetikoak eta soziosanitarioak”
  • Industria eta nazioartekotzea sustatzeko ekintza-planak eguneratuko dira ZTBP 2030 berriarekin, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Planarekin eta Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren Plan berriarekin

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuak gaur goizean eman dio amaiera Estrategia Empresarial enpresak egindako EAEko Berrikuntzaren Gida aurkezteko ekitaldiari. Bere hitzaldian, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak aurrekontu hedakorra prestatu duela datorren urterako, eta apustu iraunkorra egingo duela I+G+b-aren alde. Izan ere, horretarako partidak % 6 handituko dira.

Tapiak errepasatu egin ditu amaitzen ari den urteak —covid-19aren epidemiak markatuta— gizarteari esparru guztietan ekarri dizkion zailtasunak. “Munduko kalteberatasuna azaleratu egin da, eta ondorio triste bat atera da: gizarte-arrakalak handitzen ari dira”, esan du, eta Administrazioak eta herritarrek krisi-egoera horretatik asko ikasi dutela esan du jarraian. “Unearen larritasunak berak erreakzionatzera eta erantzun eta irtenbide berritzaileak eskaintzera eraman gintuen. Beste behin ere, enpresa-sarea eta sistema teknologikoa egoerak eskatzen zuen mailan egon ziren, eta osasun-larrialdi baten araberako irtenbideak bilatu zituzten”.

Berrikuntzaren balio erantsia ezinbestekoa izan zen erantzuna eraginkorra izan zedin, baita tresna telematikoen erabilera esparru akademikoetan eta profesionaletan txertatzea eta orokortzea ere. Sailburuaren hitzetan, pandemiaren aurrean izandako erreakzioari esker, “jorratzen ari ginen hiru erronka eraldatzaileak azkar bizkortu dira. Eraldaketa digitalaz, energetikoaz eta klimatikoaz ari naiz, baita sozialaz eta demografikoaz ere”.

Eraldaketa, lehiakortasuna indartzeko aukera gisa 

 “Gure misioa —adierazi du Arantxa Tapiak— suspertze ekonomiko enplegu-sortzailea bizkortzea izango da, eraldaketa digitala, energetikoa eta soziosanitarioa produkzio-egituraren lehiakortasuna indartzeko aukera gisa hartuta, eta ingurumen-irizpideak politika sektorial guztietan txertatzea, ez baldintzatzaile gisa, baizik eta balioa sortzeko lehia-faktore gisa”.

 “Zuzentzen dudan sailetik, industria eta nazioartekotzea sustatzeko ekintza-planak eguneratuko ditugu ZTBP 2030 berriarekin, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Planarekin eta Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren Plan berriarekin”.

Eusko Jaurlaritzak aurrekontu hedakorra prestatu du datorren urterako, eta apustu iraunkorra egin du I+G+b-aren alde, arlo horietarako % 6-ko gehikuntzak barne.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailak bere gain hartzen du legegintzaldiko hamar helburu estrategikoetatik bosten erantzukizuna. Helburu horietan daude garapen jasangarriaren gakoak, eta, horietan arrakasta izateko, xede hauek lortzen lagunduko duten jarduketak ezarri beharko dira: langabezia % 10etik behera murriztea; industrian eta zerbitzu aurreratuetan BPGd-aren % 40 gainditzea; I+Gan Europako batezbestekora iristea; energia berriztagarrien kuota energiaren azken kontsumoaren % 20 izan dadin lortzea; eta gasen isurketa % 30 murriztea. Sailburuak aurreratu duenez, azken helburu hori motz geratu dela jakinik, berrikusi egingo dute, zorrotzagoak izateko eta Europako Batzordearen oraintsuko akordioarekin bat egiteko.

Berrikuntzaren Gida:

http://www.estrategia.net/estrategia/LinkClick.aspx?fileticket=M2Jh4FHINHM%3d