Tapia: "Aurrera egin behar dugu; ez da inbertsioak atzera botatzeko momentua"

2020.eko irailak 18

  • Eragile guztiekin lanean ari gara etorkizuneko Industria Plana prestatze aldera. Industria produkzioa eta zerbitzu aurreratuak indartu eta ekonomiaren % 40ra iristea da helburua. Horretarako, aurrera pausoak emateko unea da, eta ez inbertsioak atzera botatzeko momentua
  • Europak bi lan lerro finkatu ditu: energetikoa eta digitala. Euskadin bietan lanean ari ginen, eta prest gaude proiektu interesgarriak aurkezteko, transformatzaileak izango direnak eta enplegua sortuko dutenak
  • Hondakin industrialen politika asko landu behar ditugu. Zabortegiekin batera, industria ekoizpen prozesuak aldatu behar ditugu: ekonomia zirkularrean sakondu, berrerabilpena sustatu, CO2 isurketak murriztu, etab.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak elkarrizketa eman du gaur goizean ETB1en, eta bertan azaldu ditu bere Sailak legegintzaldi berri honetan izango dituen ildo nagusiak. Besteak beste, honako gai hauek aipatu ditu:

“Enpresak eta Jaurlaritza prest gaude lehiakor izateko”.

“Sailburu guztiak prest gaude eta lanean ari gara; industria plan bat prestatzen ari gara hainbat eragilerekin”.

“Bi lerro nagusi lagundu behar ditugu: batetik, daukagunari eusteko eta berritzeko, eta, bestetik, kalitatezko lanpostu berriak sortzeko”

“Gure enpresak lehiakor mantendu behar ditugu etorkizunerako. Alemania adibide izan daiteke guretzat: soldatak jaitsi eta formakuntzan inbertsioa egiten dute. Enpresaren arabera eta egoeraren arabera ikusi behar den gaia da”.

“Krisi sanitarioa ez dago gaindituta, birusak eragina du oraindik. Egoeraren unerik txarrena apirilean izan genuen, erabat geldirik geundenean. Orain egoera konplikatuan gaude, baina ez da hain txarra”.

“Hau ez da inbertsioak atzera botatzeko momentua; gaizki dauden sektoreetan formakuntza ematen jarraitu behar da”.

Ekonomia berdeaz eta Europatik datorren laguntzaz honako hau azpimarratu du:

“Eraldatzaileak eta enplegua sortzen duten proiektuak behar dira izan”.

Arlo publikoaren adibide bat: “gure eraikin publiko guztiek eragin energetikoa ahalik eta txikiena behar dute izan. Proiektu hori Europar Batasunak onartzea lortuko bagenu, batetik, enplegua sortuko litzateke, eta, bestetik, klimaren aldekoa litzateke”.

“Hondakin industrialekin ekonomia zirkularra lantzea dagokigu. Hasierako diseinua kontuan hartu behar da hondakin-kopurua murrizteko”.

“Aldaketa klimatikoari aurre egin eta ekoizpen ikuspegitik aukerak sortu daitezke”. 

 “Zabortegiez haratago joan behar dugu eta hondakinen politika egin behar da”.