Tabakorik gabeko mundu eguna eta COVID-19en datuen eguneratzea Euskadin

2020.eko maiatzak 28

MAIATZAREN 31, TABAKORIK GABEKO MUNDU EGUNA

 

ERRETZEARI UZTEN LAGUNTZEKO ONLINE TRESNA BERRI BI IZANGO DIRA DATOZEN ASTEOTAN OSAKIDETZAREN ESKAINTZAREN BARRUAN ETA, HALA, TABAKISMORAKO DAGOENEKO DAUDEN TRATAMENDUAK SENDOTUKO DIRA

 

Osakidetzak bere eskaintza COVID-19ak eragin duen errealitate berrira egokitu du, eta haren helburua da tabakoa utzi nahi duen pertsona-kopuru handiagora iristea

Beharrezkoa den kasuetan, Osasun Sailak urtarriletik tratamendu farmakologikoa finantzatzen du, eta, urtarriletik, 6.408 pertsonari agindu zaie eta kostua 982.000 euro ingurukoa izan da

 

Datorren igandean, maiatzaren 31n, Tabakoaren Mundu Eguna da, eta Osasun Sailak eta Osakidetzak bat egin dute, aurten ere, egun horrekin, inguru osasungarriak eta kerik gabeak izateak duen garrantzia gogorarazteko, tabakoaren kontsumoak pertsonen osasunean dituen ondorio kaltegarriez eta uzteko abantailez kontzientziatzeko eta prebenitzeko, eta tabakoa utzi nahi duten erretzaile guztiei lagundu eta informazioa emateko.

Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteizen duen egoitzan eginiko prentsaurrekoan, Nekane Murga Osasun sailburuak nabarmendu du tabakoaren kontsumoa arrisku-faktorea dela, eta COVID-19arekin kutsatzen diren pertsonen egoera larriagotzen duela. Hori horrela, erretzeari uzteak duen garrantzia azpimarratu du; izan ere, erretzaileek arrisku handiagoa dute sintoma larriak garatzeko eta birusaren eraginez hiltzeko. Gainera, eragina du kutsatzeko gaitasunean, egin diren ikerketek adierazi bezala eta OMEk ohartarazi duenez. Prentsaurrekoan Ana Bustunduy Osakidetzako Osasun-laguntza Zuzendaritzakoak ere parte hartu du; herritarrei erretzeari uzten laguntzeko tratamendu berriak ezagutzera emateko balio izan du.

 

TABAKOA UZTEKO TRATAMENDU BERRIAK

Osakidetzak tabakoaren tratamendurako eraginkortasuna egiaztatuta duten metodoak ditu, eta haiek sendotzen joan dira, tabakoa utzi nahi duten eta errealitate berrietara egokitzen joan nahi duten pertsonei erantzuteko.

Hala, laguntzarako BI TRESNA BERRI EZ-PRESENTZIAL Lehen Mailako Arretarako osasun-zentroetan ezarriko dira, erretzeari utzi nahi dioten pertsonentzat: tratamenduaren eta segimendu profesionalaren terapia konbinatuko programa eta mugikorreko aplikazio bat eta lineako taldeko esku-hartzea; haiek Osakidetzan eskaintzen diren tratamenduak sendotuko dituzte

 

  1. a) Terapia konbinatuko programak une oro izango du osasun-langileen segimendua; hura ez-presentziala izan ahalko da, izan ere, azken hilotan, aldatu egin da horretarako aplikazioa. Mugikorreko aplikazioaren bidez, erre barik zenbat denbora egin den jakin ahalko da, bai eta irabazitako egunak eta aurreztutako diru-kopurua ere, besteak beste. Pazienteak, halaber, gomendioak edo aparteko laguntza eskatu ahalko du erortze puntualaren edo antsietate-egoeren kasuan.

 

Tratamendu berri hori uztailean eskaintzeko moduan egongo da. Erretzaileak terapia hori aukeratzen duenean, erreferentziazko Lehen Mailako Arretarako osasun-langileek alta emango diote programan, eta APPa deskargatu ahalko du, tratamenduarekin hasteko.

 

  1. b) Lineako taldeko esku-hartzearen eskaintza honako honetan datza: osasun-zentroetan egiten den taldeko esku-hartzea plataforma digitaleko modalitate batera eramatea; plataforma horrek aukera ematen die terapeutei pazienteekin lineako elkarreragina izateko, denbora errealean. Tresna berri horren helburua da joan-etorriak egiteko denbora eduki ezin duten edo osasun-zentroetara gutxiagotan joaten diren -besteak beste gazteak- pertsona guztiei tabakoaren tratamendua erraztea. Ekainean hasiko dira tratamendu berri hori pilotatzen 10 pertsonako talde batekin, irailean eskaini ahal izateko.

 

Tabakoaren tratamendurako bi eskaintza horiekin batera, behar bada, TRATAMENDU FARMAKOLOGIKOA jaso ahalko da; pasa den urtarrilaren batetik finantzatzen du Osasun Sailak. Data horretatik aurrera eta egun arte, finantzatutako bi medikamentuak -CHAMPIX (vareniclina) eta ZYNTABAC (brupopion)- 6.408 pertsonari agindu zaizkie, eta kostua ia 982.000 eurokoa izan da.

Osakidetzak bere osasun-zentro guztietan eskaintzen dituen TABAKISMOAGATIKO TRATAMENDUAK direla-eta, igo egin da parte hartzea erabaki duen pertsona-kopurua. Iaz, 2.742 pertsonak parte hartu zuten Osakidetzaren programetan, tratamendu indibidualerako eta taldeko tratamendurako. Emakume-kopurua (1.469) gizonena baino handiagoa da (1.273), funtsean ohikoagoa delako emakumeak joatea taldeko terapiara. Partaidetza handieneko taldea, bai gizonetan, bai emakumeetan, 46 eta 64 urte bitartekoa da.

Bestalde, tabakoa uzteko prozesuan aholkularitza eta informazioa eskaintzen duen doako telefonoak (94-400-75-73) hilean 20 deiri eman zien arreta, batez beste.

 

EUSKADI TABAKO-KERIK GABE

Tabako Kerik Gabeko Euskadin aurrera egiten jarraitzeko, Nekane Murga Osasun sailburuak esan duenez, Osasun Sailak eta Osakidetzak jarraituko dute eremu guztietan tabakismoari osotasunean heltzen eta prebentziorako eta sentsibilizaziorako eta tabakoa uzteko tratamenduak eskaintzeko politiketan ahalegina egiten. Horretarako, elkarren osagarri diren neurri eta estrategiak dituzte, herritarrak tabakoaren ketik babesteko, tabakoaren kontsumoa prebenitzeko eta haien arriskuen gainean informatu eta sentsibilizatzeko.

Era berean, zenbait programatan lanean jarraituko da, besteak beste: KERIK GABEKO GAZTEAK, euskal eskolan garatzen den prebentzio-programa, edo KERIK GABEKO OSASUN-ERAKUNDEEN EUSKAL SAREA, osasun-zentroen ingurune osoan kerik gabeko giroa ziurtatzeko aktiboki lanean jarraitzen duena.

 

DATUAK OSAKIDETZAN

Osakidetzan 93.629 pertsona daude erregistratuta erretzaile gisa, eta horietatik %56,6 gizonak ziren. Tabako-kontsumitzaile kopuru handiena duen adin-taldea 46 eta 64 urte bitartekoa izan zen. 45 urtera arte, ia ez zegoen alderik gizon eta emakumeen artean. 16 eta 25 urte bitarteko gazteen artean, emakume erretzaileen kopurua gizonena baino handiagoa zen; ordea, 46 urtetik aurrera, gizonena nabarmen handiagoa zen.

Azkenik, Osasun sailburuak konpromiso politikoa nabarmendu du, bai eta osasun-langileena, elkarteena, hezitzaileena etagizarte-eragileena ere; haien inplikazioaren eta lanaren bidez, Euskadin programa eta politikak garatu dira, herritarrak tabakoaren ketik babesteko eta erretzeari utzi nahi diotenei laguntza eskaintzeko.

 

COVID-19ARI BURUZKO DATU EGUNERATUAK

Osasun Sailak Euskadik COVID-19aren inguruan bizi duen egoera epidemiologikoa eguneratu du, honako informazio honen bidez:

 

EGINDAKO PROBAK

Atzo, guztira 4.790 proba egin ziren (3.394 PCR eta 1.396 test laster).

 

EGIAZTATUTAKO KASUAK

  • Atzo PCR bidez beste 5 positibo egiaztatu ziren, 4 Bizkaian eta 1 Gipuzkoan.
  • Atzo “test lasterra”ren bidez 92 kasu detektatu ziren. Proba horren bidez, immunitate hartua edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen dira; haiek infekzioa igaro dela adieraz dezakete.

 

POSITIBOEN ETA OSPITALEEN EGOERA

Orain arte, guztira 1.513 hildako egon dira; atzo 2 heriotza erregistratu ziren. Gainera, 28 pertsona ZIUn daude, aurreko egunean baino bai gehiago.

 

Egoera epidemiologikoa:

https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/boletin_coronavirus/es_def/adjuntos/28_mayo_Boletin.pdf

 

Asistentzia-datuak:

https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/boletin_coronavirus/es_def/adjuntos/28_mayo_Datos_Asistenciales.pdf

 

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 28a