Sprilur-ek 6 pabilioi berri egiteko lanak bukatu ditu Ortuellako Ballonti industrialdean

EdifB-1_jul2020_.jpg

2020.eko uztailak 15

  • 440 m²-tik 1.783 m²-ra bitarteko sei pabilioi.
  • Momentuz, Sprilur-ek eraikitako pabilioien okupazioa %90ekoa da Ballonti II industrialdean.

SPRI Taldean integratutako eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailari atxikitako Sprilur sozietateak berriki bukatu ditu Ortuellako Ballonti II industrialdean sei pabilioi berri egiteko lanak, bi garaieratan banatutako 6.004 m²-ko azalera eraiki batean.

Nabe horietatik lau beheko solairuetan daude, 440 m²-tik 1.050 m²-ra bitarteko  azalerekin eta gehienezko 5,80 metroko altuerarekin. Bestalde, lehen solairuan beste bi pabilioi eraiki dira, 1.195 m² eta 1.783 m²-koak, gehienezko 7,35 metroko altuerarekin eta sarbide zuzenarekin errepideetatik. Diseinatutako nabeen tipologiari eta egiturari esker, 5 tonarainoko gaitasuna duten garabi-zubiak eta 2.000 kg/m²-rainoko forjatuak har ditzakete. Sprilur-ek 1,72 milioi euroko inbertsioa egin du Ballonti II industrialdeko B eraikin berrian.

Ortuellako pabilioi berriak eraikitzeko azken bi fase hauei esker, Ezkerraldean azalera desberdinetako lokal gehiago egongo dira, enpresek izan dezaketen tamaina txiki eta ertaineko espazioen balizko eskaera asetzeko. Eskualdearen berraktibazio eta dinamizazio programari laguntzeko plan honen bitartez bost enpresa berri instalatu dira Ballonti II industrialdean azken urtean. Azken enpresa horiekin, Ballonti II industrialdean okupatuta daude momentuz  pabilioien %90.

Sprilur 2015ean Ortuellako Ballonti II industrialdean pabilioi berriak sustatzen hasi zenetik, lursail industrialeko 17.000 m² inguru eraiki dira. Eraikitako eraikinetatik lautan (C, D, E eta bukatu berri den B eraikinak) 11 enpresa instalatu dira, zeintzuek eraikitako 20 pabilioitatik 18 hartzen baitituzte.

Ballonti II industrialdean kokatuta dauden enpresak arlo hauetan ari dira: obren kudeaketa energetiko integrala, teknologia eta inprimaketako konponbideak, osagai eta material informatikoak, piezen manipulazio industriala, ontziratze eta enbalaje industriala, ingurumen kudeaketa eta aholkularitza, besteak beste.

Hala, pabilioi berriak egiteko lanak amaitu ondoren, libre geratzen dira 8 pabilioi modular (2 nabe E eraikinean eta beste 6 B eraikinean); horiez gain,  libre dago baita ere 2.397,11 m²-ko okupazioa duen lursail industrial urbanizatu bat (A).

Ortuellako Ballonti II industrialdea meatzaldeko kokaleku estrategiko batean dago,  sarbide zuzena du AP-8ra, eta une honetan oso industrialde interesgarri eta erakargarria da enpresa interesatuentzat.

EZKERRALDEKO XEDE-GUNEEN AZTERKETA

Ballonti II industrialdea osorik finkatzeko, Sprilur-en asmoa da Ortuellan libre geratzen den azken partzelaren (A) eraikuntza-proiektua eta lanen zuzendaritza lizitatzea urte honen amaierarako. Partzela horren okupazio-azalera 1.500 m²-koa da, 2.258 m²-ko azalera eraikigarria dauka erabilpen industrialerako, eta helburua da kokaleku bat eskaintzea tamaina ertaineko azalera bat beharko lukeen jarduera bati.

Erakunde publikoentzat lehentasunezko helburua da kaltetutako eskualdeak ekonomikoki berraktibatu eta babestea. Horregatik Sprilur, enpresa-guneen sustapen eta kudeaketarako agente publikoa den aldetik, prospekzio-azterketak egiten ari da erabiltzen ez diren eremuetan eta espazioak berroneratzen dihardu Ezkerralde osoan. Helburu estrategiko horri esker posible da aurre egitea industrialdeen obsoleszentziari, industrialde horiek egokitu eta balioan jartzea, eta aukera-zorro zabal bat izatea etorkizunean inbertsioak egin ahal izateko, beti ere xedetzat hartuz enpresa-proiektu eta enpresa-ekimen estrategikoak erakartzea.