Sonia Pérez Ezquerra chefekin bildu da jatetxeen sektorearen egoera aztertzeko

WhatsApp_Image_2020-05-15_at_12.19.02.jpeg

2020.eko maiatzak 15

Sonia Pérez Ezquerra Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, Isabel Muela Turismo eta Merkataritzako sailburuordearekin batera, bilkura bat izan du gaur bideo-konferentziaz Mahai Kolektiboa ordezkatzen duten hainbat gipuzkoar chefekin, jatetxeen sektoreaz eta haien eskaera eta beharrizanez hitz egiteko eta, normaltasun berri bati begira, deskonfinamendu-fase honetako egoera aztertzeko.

Bideo-konferentzian, Mahai Kolektiboa aurkeztu da, gipuzkoar chefen ekimenez sortutako talde berri bat; mahaia zabalik dago, hala ere, lan egiteko modu berrien inguruan lankidetza-gogoz bat egin nahi duten beste lurraldeetako kide berrietara.  “Sukaldarien belaunaldi honek aurrerapauso bat eman nahi izan du, lankidetzan arituz eta lagunduz, eta guztien onuraren zerbitzutan jarriz”. Bideo-konferentzian, Mahai hori ordezkatuz parte hartu dute Gorka Txaparteguik, Roberto Ruizek, Imanol Zubelzu Basque Culinary Centerreko sukaldari ikertzaileak eta Iñigo Lavadok.  

Sukaldariek manifestu bat sinatu dute, eta bertan gogoeta egiten dute egungo egoeraz, jabetuz ahalegin handia eskatuko duela normaltasun berrira itzultzeak; bada, irmo adierazi dute sortutako lanpostuei eusteko lan egingo dutela, aukera berriak eta beren negozioetarako garapen-bide berriak bilatuz.

 

Halaber, laneko mahai bat sortzea proposatu dute, jatetxe gastronomikoei erabaki zehatzak hartzen laguntzeko eta etorkizuneko beharrizanetarako erantzunak diseinatzeko: besteak beste, tokiko produktuen kontsumoa bultzatzea eta eskaintza gastronomikoetan tokiko produktuak lehenesteko laguntza ematea.

 

Alde horretatik, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak tokikoa kontsumitzera deitu nahi du ere, pertsona kontsumitzaileak erantzukizunez arituz, ekonomiaren susperraldiaren eta jasangarritasunaren alde apustu eginez. Sailburuak proiektu kolektibo hori eskertu die, haien filosofiarekin bat baitator, eta laguntzeko prest agertu da, hala etapa berri honetako lana nola destino gastronomiko izateko Euskadiren irudia bultzatuz. “Harro egotekoa da ikustea gastronomiak ez diola berritzeari eta berrikuntzak egiteari utzi, kalitate- eta bikaintasun-estandarrei eutsiz, zuen moduko chef gazteei esker, ideiaz zein ilusioz beteak, eta lan asko egindakoak”.

 

Halaber, Sailburuak Jaurlaritzak onartu dituen askotariko neurri ekonomikoak eta laguntzak azaldu dizkie chefei; hain zuzen, sektoreak egindako eskaeretako bat dira. Adibidez, Gobernu Kontseilura asteartean eramango den agindua, COVID19aren ondorioak arintzeko Ezohiko Laguntza gisa. Halaber, berriki onartutako TMS, Turismoa Merkaturatu eta Sustatzeko laguntzak ekarri dizkie gogora, eta horiek eskueran dituztela. Laguntza horiek Sailaren ikuspegi berri bat dute oinarritzat, sustapen-lanak ez ezik merkaturatzea ere kontuan hartuz, adibidez, tour-operadoreekin harremanetan jarriz, “destino gisa Euskadiren ateak errazago irekitzeko”.

 

Bonu gastronomikoen bidez kontsumoa sustatzeko sukaldariek egindako eskaerari dagokionez, Sailburuak azalpenak eman ditu kontsumo-bonuen bidez egiten ari den lanari buruz, “gainerako erakundeekin horien eraginkortasuna hobetzeko estrategia bateratuan arituz”, baita haien negozioak babestu eta nabarmentzeko turismoan, merkataritzan eta ostalaritzan sustatzeko egiten dituen askotariko kanpainei buruz ere.  

 

Bukatzeko, hala sukaldariek nola Sailak konpromisoa hartu dute elkarrekin lurraldearen irudia sendotzeko, tokiko ekoizleen lana bultzatu eta babesteko, kultura gastronomikoaren oinarrizko elementu bat direlakoan.  Beraz, bi aldeak Saila ontzen ari den etorkizuneko promozio-kanpainetan lankidetzan aritzeko konpromiso batera heldu dira; kanpaina horiek, hasiera batean, turismora eta barne-kontsumora zuzenduko dira.