Sagardui eta Artolazabal sailburuek Fedeafes-en ordezkaritza bati egin diote harrera

2020.eko urriak 21

  • Buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak isolamenduaren aurkako sentsibilizazio-kanpaina jarri du abian

Vitoria-Gasteiz, 2020/10/21

Gotzone Sagardui eta Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Osasuneko eta Berdintasuneko sailburuak, gaur, Fedeafes - buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioko ordezkaritza batekin batu dira, Lakuan, Gobernuaren egoitzan. Bilera horretan, bi sailburuek nabarmendu dute Euskadiko eredu soziosanitarioaren balioa.

Fedeafesetik honako hauek bertaratu dira: Mª Angeles Arbaizagoitia, Fedeafeseko lehendakaria, eta Asasam-eko lehendakaria (Laudio eta Aiarako Harana); Vicente Areta, Agifes-eko lehendakaria (Gipuzkoa); Mª del Carmen Arroyo Santamaría, Asafes-eko lehendakaria (Araba); Edurne Solupe, Avifes-eko zuzendaritza-batzordeko kidea (Bizkaia); Mª Isabel García, Fedeafeseko Batzordeko ordezkaria, eta Mª José Cano, Fedeafeseko kudeatzailea.

Topaketa hori Buru Osasuneko Mundu Egunaren –urriaren 10a– inguruan ere kokatzen da. 2020an, Urriaren 10ean ospatzen da Osasun Mentalaren Munduko Eguna. Topaketak Eusko Jaurlaritzak osasun mentalarekin lotutako gaitzak pairatzen dituzten pertsona eta familiekin duen konpromisoa erakusteko balio izan du. Bi sailburuek konpromisoa hartu dute gaixotasun mentalak agerian uzteko eta estigmatizazioa saihesteko lanean jarraitzeko.

2020ko Nazioarteko Eguna dela eta, Fedeafesek sentsibilizazio-kanpaina bat jarri du abian, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin: ‘Ondoan gaituzu. Urruntze sozialak ez zaitzala isolatu’. Kanpaina horren bidez,  gaur egungo pandemia-egoerak pertsonengan sor ditzakeen isolamendua eta ondorio psikologikoak saihestu nahi dira, hala nola antsietatearen eta depresioaren sintomak ez sendotzeko.

Fedeafesek eraginpean dauden pertsonei gogorarazten die hurbilen duten elkartean aurki dezaketela laguntza: Agifes Gipuzkoan, Asafes eta Asasam Araban, eta Avifes Bizkaian.

‘Ondoan gaituzu’ kanpaina

Fedeafesek Buru Osasunaren Mundu Egunaren inguruan abian jarri duen kanpainaren mezu nagusia urruntze sozialeko sasoian buru-osasuna zaintzeak duen garrantzian oinarritzen da. Federazioak, hala, egungo egoerak buru-osasuneko arazoak dituzten pertsonen eta beren familiartekoen isolamendua ez sendotzea du helburu. Hala, beharrizanik duten pertsonak animatu nahi ditu laguntza eskatzera eta Fedeafesen elkarteetara hurbiltzera.

Kanpaina honetan, aurrez aurreko lekukotzak jaso dira. Kolektiboko pertsonei eginiko elkarrizketak, egungo egoeraren inguruan bizi duten esperientzia kontatzeko, pandemiaren ingurukoa, beren buru-osasunean izan duen eragina etab. Elkarrizketa horiek sare sozialetara igoko dira. Halaber, kanpainaren irudiak jarri dira zenbait lekutan, esaterako markesinetan, eta berdez argiztatu zen San Mames estadioa, Bilbon, pasa den urriaren bederatzian, besteak beste. Ostiral honetarako, Asafesek depresioari eta suizidioari buruzko mintegia antolatu du. Online emango da, eta izena eman beharko da aurretiaz.