Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren 32. edizioak Xabier Lete omenduko du

2020.eko maiatzak 27

- XXXII. edizioa da aurtengoa eta azaroan ezagutuko dira irabazleak, “Xabier Lete gogoan” goiburupean Andoainen egingo den sari banaketako ekitaldian.

Aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren deialdia egin du Andoaingo Udalak, eta urteroko moduan deialdiaren xehetasunak aurkeztu dituzte Andoaingo Udalak eta Eusko Jaurlaritzak Donostian, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan emandako prentsaurrekoan. Prentsaurrekoan parte hartu dute, Andoaingo Udalaren aldetik Mikel Arregi Aranburu, Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzi eta alkateordeak, eta Patxi Baztarrika, Udaleko Euskara teknikariak; eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara sustatzeko zuzendariak.

XXXII. edizioa da aurtengoa eta, iaz hasitako berrikuntzei jarraiki, aurten ere bi sari izango dira: “Kazetaritza saria” eta “Komunikazio saria”. Gainera, finalistak ere izendatuko dira, Kazetaritza sarirako lau eta Komunikazio sarirako beste lau, gehienez. Sarituak izateko hautagaitzak proposatzeko aukera izango du edonork, norberak bere burua edo nornahik beste norbaiten aldeko proposamena egin ahal izango du, baina finalistak nahiz saridunak erabakitzeko ez da nahitaezko baldintza izango aldez aurretik hautagaitza aurkeztea.

Irabazleak nortzuk diren azaroaren 26an jakingo da, Andoaingo Bastero kulturgunean izango den sari banaketa ekitaldian. Ekitaldiaren goiburua da “Xabier Lete gogoan”. Izan ere, sari banaketa ondorengo astean, abenduaren 4an, beteko dira hamar urte Xabier Lete hil zela. Poeta eta kantariaren oroimena gogora ekarri nahi du Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak haren heriotzaren hamargarren urteurrenaren atarian. Mikel Arregi zinegotziak adierazi duenez, “Xabier Lete eta Rikardo Arregi batuko ditugu egun horretan Bastero kulturgunean izango den sari banaketa ekitaldian. Musikarekin, kantuarekin eta poesiarekin oroituko dugu Lete”. 

“Euskararen normalizazioak ezinbestez behar ditu euskaraz egindako kazetaritza eta komunikazio prestu eta modernoa, kalitatekoa eta garaian garaiko beharrizanetara egokitua”: hori da Andoaingo Udalak urtero gogorarazten duen mezua eta Kazetaritza Sari hau hogeita hamabi urteotan antolatzeko arrazoia. Andoaingo Udalak deitu eta antolatzen duen Sari honek, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren dirulaguntza jasotzen du, urtero bezala baita aurten ere.  

Mikel Arregik azaldu duenez, “iaz hainbat berrikuntza izan zituen Sariak eta, aurten ere, iazko bide beretik bi sari izango dira: kazetaritza saria eta komunikazio saria. Izan ere, ohiko kazetaritzari bizkarra eman gabe, sare sozialetako komunikazioan ere jarri nahi dugu fokua.  “Kazetaritza saria”, berriemailetzari eta kazetaritzaren ezaugarri eta irizpideei estuki lotua izango da, eta bestea, “Komunikazio saria”, euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitzeko bidean egindako urrats esanguratsu eta berritzaileak sarituko dituena”. Arregiren esanetan, “euskara indartuko dugu gure bizimodua errazteko balio digun neurrian, eta horregatik da premiazkoa, herritarron eguneroko bizimoduan hain garrantzitsuak diren kazetaritza eta komunikazioan euskarazko sorkuntza, zabalkundea eta kontsumoa sendotu eta areagotzea. Helburu horren alde gure aletxoa jarri nahi dugu Rikardo Arregi Kazetaritza Sariarekin”.

Estibalitz Alkortak azpimarratu duenez,  “euskarazko hedabideen arloa zeharo aldatu eta eraberritu da Rikargo Arregiren garaitik hona. Covid 19aren eraginez bizi izan dugun egoerak erakutsi digu euskarazko hedabideek, publikoek zein pribatuek, badutela gaitasuna gure jakin nahiak eta beharrak asetzeko. Hurbileko gure mundua zein mundu zabala azaltzeko gaitasuna erakutsi dute, era osagarri batean. Euskarazko hedabideek jakin dute unean-unean egokitzen eta eraberritzen, eta Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak pizgarri bat izan dira bilakaera hori sustatzeko. Covid 19aren osteko egoera berrietara egokitzeko ere oso lagungarriak izango dira horrelako ekimenak”.

Aurtengo edizioaren oinarrien xehetasunak aurkeztu ditu Patxi Baztarrika epaimahaiaren idazkariak. Bi sari nagusi banatuko dira: Kazetaritza saria eta Komunikazio saria. “Kazetaritza saria”ri dagokionez, 2019ko irailaren 16tik 2020ko irailaren 15era arteko tartean egunkari eta aldizkarietan, agerkari digitaletan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu diren kazetaritza-lanek izango dute saria eskuratzeko aukera.  Saria 9.000 eurokoa da, eta Xabier Lakak Sarirako berariaz egindako irudi artistikoa. Eta “Komunikazio saria” eskuratzeko aukera izango dute, euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitu eta euskarazko komunikazioaren mesedetan haien aukeraz baliatzeko urrats berritzailetzat jotzen direnek. Betiere, 2019ko irailaren 16tik 2020ko irailaren 15era bitartean euskaraz sortu, ekoitzi eta, kasua bada, zabaldutako komunikazio ekintza bat, komunikaizo proiektu bat edo komunikazio proposamen bat izan beharko du nahitaez. “Komunikazio saria” ere  9.000 eurokoa izango da, eta Xabier Laka eskultoreak egindako irudi artistikoa. Gehienez ere zortzi finalista izango dira, eta finalistek, saridunek izan ezik, Xabier Lakak beren-beregi Rikardo Arregi Kazetaritza Sarirako sortutako irudiaren serigrafia jasoko dute.

Saridun izateko hautagaitzak (kazetaritza edo komunikazio lanak) irailaren 18ra bitartean aurkez litezke, proposamenak Andoaingo Udalera posta arruntez bidaliz edota helbide elektroniko honetara igorriz: raks@andoain.eus. Finalista edo sariduna izateko ez da, halere, ezinbestekoa izango hautagaitza aurkeztea, epaimahaiak aukera osoa baitu bere proposamen propioak eztabaidatzeko, eta jasotako proposamenen eta epaimahaikideek beraiek  egin eta eztabaidatutakoen artean finalistak eta sariak erabakitzeko.

Epaimahaia ondorengoek osatuko dute: Jose Inazio Basterretxea (UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea), Itxaro Borda (idazlea eta prentsa kolaboratzailea), Aingeru Epaltza (idazlea eta hainbat hedabidetako kolaboratzailea), Maite Goñi (MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazioan aditua), Elixabete Larrinaga (UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea), Ion Muñoa (Deustuko Unibertsitateko  Komunikazio Graduko irakaslea), eta Jon Sarasua (MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazioan aditua). Mahaiburua izango da Andoaingo Udaleko Euskarako zinegotzi arduraduna, Mikel Arregi, eta idazkaria, Patxi Baztarrika, Andoaingo Udaleko Euskara teknikaria.

XXXII. edizio honetako finalistak nortzuk diren azaroaren hasieran emango du ezagutzera epaimahaiak, eta sari banaketako ekitaldia azaroaren 26 iluntzean izango da Andoainen, Bastero Kulturgunean, “Xabier Lete gogoan” hartuz haren musika kantu eta olerkiekin osatutako zati artistikoa izango duen ekitaldia. Orduan jakingo da nortzuk diren aurtengo saridunak.