Pedro Azpiazu: "Politika publikoen alde egiteko unea da, arriskatzeko eta ausartak izateko unea"

2020.eko urriak 07

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburua elkarrizketatu dute Onda Vasca irratiko "Euskadi Hoy" saioan, eta, besteak beste, atzo onartutako EAEko 2021eko Aurrekontu Orokorren aurrekontu-gidalerroak izan ditu hizpide.

Onda Vascari eskainitako elkarrizketan, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak azpimarratu du egoera ekonomikoa ez dela erraza, baina arriskatzeko eta ausartak izateko garaia dela. "Politika publikoen aldeko apustua egiteko unea da", azpimarratu du. Hala, diru-bilketaren beherakada zorrarekin arinduko dela azaldu du, zor hori Gobernu Zentralarekin hitzartuta dago eta Europak zerga-arauak ezabatzeak erraztu egiten du.


Ekonomia eta Ogasun sailburuak adierazi duenez, esku artean dituzten lehen zifren arabera, badirudi 2021erako Aurrekontuak nabarmen haziko direla. Pedro Azpiazuren hitzetan, aurrekontu horiek osasun-sistema eta hezkuntza indartzera bideratuko dira, herritar ahulei arreta berezia jarriz eta etorkizuneko erronkei aurre eginez: trantsizio teknologiko-digitala, energetiko-klimatikoa eta osasun- eta gizarte-trantsizioa. "Gastu publikoaren bidez jarduteko unea da", gaineratu du. Gainera, murrizketarik ez dela izango azpimarratu du, "Ezin dira une honetan egon", gaineratu du.

Gainera, Azpiazu sailburua prest agertu da gainerako legebiltzar-taldeekin hitz egiteko eta akordioak lortzeko. "Ahal dugun neurrian eta gure esparruaren barruan, proposamenak gehituko ditugu. Babes zabala bilatzen saiatuko naiz", gaineratu du.

Europako funtsei dagokienez, Azpiazu sailburuak proiektu sendoak egitearen garrantzia azpimarratu du. "Iristen direnean, ongi etorriak izango dira, baina proiektuak modu autonomoan bultzatu behar ditugu. Ezin dugu baliabideak iritsi arte itxaron, hasteko ", adierazi du.

Fiskalitateari buruz galdetuta, Pedro Azpiazu sailburuak azpimarratu du ez dela zergak igotzeaz hitz egiteko garaia, eskaera murriztuko litzatekeelako. "Aurrerago, gaurko zorrari nola aurre egin pentsatu beharko da, hausnarketa sakona izan beharko da", gaineratu du.