Pedro Azpiazu: "Momentu honetan, Covid-19aren krisiak eragindako gastua 1.000 M/" ingurukoa da"

2020.eko azaroak 11

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua elkarrizketatu dute, gaur arratsaldean, Cadena Ser irratiko “La Ventana Euskadi” saioan.

Gaur arratsaldean Cadena Ser irratiari eskainitako elkarrizketan, Ekonomia eta Ogasun sailburuak nabarmendu du, honetan, Covid-19ren krisiak eragindako guztizko gastua 1.000 milioi euro ingurukoa dela, eta horri Elkargiren bidez bideratu diren beste 1.000 milioi euro gehitu behar zaizkiola

Aurreikuspen ekonomikoei buruz galdetuta, Azpiazuk aitortu du pandemia azken hilabeteotan izaten ari den bilakaerak eragina izango duela ekonomian. Hala, abenduan, hirugarren hiruhilekoaren datuak ezagutu ostean, aurreikuspen berriak egingo dituztela adierazi du.

Ostalaritzaren sektoreari dagokionez, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak Jaurlaritza arlo horretan egiten ari den ahalegina azpimarratu du. Ildo horretan, azaldu duenez, dagoeneko bideratu ziren 30 milioiez gain, aste honetan bertan beste laguntza programa bat onartu da, 30 milioikoa; eta, gainera, ostalaritza sektoreak Elkargiren finantziazio lerrotik 56 milioi euro lortu dituela gogorarazi du. "Gure aldetik saiatzen ari gara, kezkatzen gaituelako, baina ez da erraza hain kopuru handiekin lan egitea. Osasunean, hezkuntzan eta abarretan ere beharrak daude ", adierazi du.

2021eko aurrekontuei dagokienez, Azpiazu sailburuak argitu du Gobernu Kontseiluak abenduaren 15ean aurrekontu-proiektua onartuko duela eta 18an Eusko Legebiltzarrean entregatuko dela. "Otsailean onartzea espero dugu", azpimarratu du. Pedro Azpiazuren arabera, aurrekontu ausartak izango dira, batez ere, osasun eta hezkuntza alorrei garrantzia emanez, bai eta behar duten sektoreei ere. "Gai horiei ausardiaz aurre egingo dien Aurrekontua egingo dugu", gaineratu du. Gainera, Gobernua hitz egiteko prest dagoela eta ahalik eta akordio zabalena lortzen saiatuko direla ziurtatu du.

Ekonomia eta Ogasun sailburuak zorpetzearen garrantzia aipatu du, krisiak politika publikoetan izan dezakeen eragina ahalik eta txikiena izan dadin. Ildo horretan, zergak igotzeak ekonomian eragin kontraktiboa izango lukeela azpimarratu du.

Elkarrizketan landutako beste gai bat Next Generation funtsei buruzkoa izan da. Sailburuak azpimarratu du maila guztietan ari direla lanean, sailen artean, Espainiako Gobernuarekin, Europar Batasunarekin, Foru-Aldundiekin... "Elkarlanean lan egiteko modua izango da", adierazi du.