Pandemiari genero-ikuspegia kontuan hartuta heltzeko gakoak jasotzen dituen txostena argitaratu du Emakundek

2020-08-04_covid_txostena.jpg

2020.eko abuztuak 04

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak "Berdintasuna pandemia garaian. Covid 19aren eragina genero ikuspegitik" txostena argitaratu du. Txostenak eragile sozioekonomiko ezberdinei gakoak eskaintzen dizkie COVID-19ren pandemiak emakumeengan eta gizonengan izan duen eragin desberdina hobeto ulertzen laguntzeko, bai eta erantzunak genero-ikuspegia kontuan hartuta egokitzeko gomendioak ere. Hori guztia, epe labur, ertain eta luzean hartuko diren neurriak ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen, bai emakumeentzat, bai gizonentzat, eta inor atzean ez uzteko, Garapen Iraunkorrerako Euskadi Basque Country 2030 Agendan jasotako konpromisoarekin bat etorriz.

Txosten honek jarraipena ematen dio Emakundek eta euskal erakunde publikoek pandemiaren hasieran hasitako lanari, osasun-premiei erantzuna emanez, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren kasuetarako arreta-zerbitzuen funtzionamendua bermatzen saiatuz eta indarkeria matxistaz gain, beste eremu batzuetan neurriak hartuz.

Txosten honen bidez, Emakundek analisi bat eskaini nahi du, genero-ikuspegia barne hartuko duena, COVID-19ren pandemiak emakumeengan eta gizonengan nola eta zergatik eragiten duen hobeto ulertzen lagunduko duena, ez bakarrik gaixotasunaren prebalentziari dagokionez, baizik eta enpleguan, gizarte-bazterkerian, ongizate emozionalean, familia-harremanetan, zaintzak bere gain hartzean eta abarretan dituen ondorioei dagokienez. Txostena hainbat ataletan egituratzen da. Gainera, hainbat gomendio jasotzen ditu, gizartearen eremu guztietan inplikatutako eragile sozioekonomiko guztiek jarraitu beharreko bidea adierazten dutenak.

Hala, txostenak, adibidez, agerian uzten du zaintzaren arloan "re-familiarizazioa" eman dela, eta horrek eragin asimetrikoa izan du, eta, batez ere, emakumeei eragin die. Eragin hori desberdina izan da lanaren esparruan ere; izan ere, sektore feminizatuek (hala nola erizainek, erizaintzako laguntzaileek, garbitzaileek, zaintzaileek, adinekoen egoitzetako langileek edo administrari laguntzaileek) ohi baino modu gogorragoan egin behar izan dute lan, arrisku psikosozial handiagoei aurre eginez, eta, aldi berean, beren etxeetan ordaindu gabeko lanaren zama handitzen ikusi dute.

Bestalde, Lanaren Nazioarteko Erakundeak COVID-19k lan-merkatuan izan duen eraginari buruz adierazi duen bezala, eragin hori larriagoa izan da emakume langileen artean gizonen artean baino, krisiak gehien kaltetu dituen sektore ekonomikoetako batzuetan (ostalaritzan, jatetxeetan edo merkataritzan, adibidez) duten gehiegizko ordezkaritzarekin lotuta baitago.

Emakumeen aurkako indarkeriari dagokionez, COVID-19ren hedapena prebenitzeko eta arintzeko osasun-neurrien ondorioz, erasotzaileekin bizi ziren biktimek denbora-tarte luzeak igaro behar izan dituzte beren etxeetatik irteteko edo laguntza soziala edo instituzionala bilatzeko.

Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidaren hitzetan, "COVID-19ren pandemiak eta haren inpaktuek emakumeei eta gizonei desberdin eragiten dietela onartzea funtsezkoa da erantzun eraginkorra bermatzeko, pertsonengan zentratua eta generoarekiko sentikorra, inor atzean ez uzteko helburu argiarekin.