Ostalaritza-sektorerako protokolo higieniko-sanitarioa

coffee-shop-1154289_1920.jpg

2020.eko maiatzak 08

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak protokolo higieniko-sanitario bat helarazi dio ostalaritza-sektoreari deskonfinamenduko 1. Fasean hasiko den irekiera dela eta. Protokolorako, lehendabizi sektoreari berari kontsultatu zaio eta Lan eta Osasun Sailekin adostu da, baita Ministerioaren Segurtasun Planekin ere.

“Ostalaritzarako Segurtasun Higieniko Sanitarioko Protokoloa”k hainbat atal ditu bezeroekin hartu beharreko neurriei buruz, neurri higieniko-sanitarioez, urruntze sozialeko neurriez, antolamendu-neurriez, gaixotasunaren kudeaketaz, eta horri lotutako dokumentazio eta neurri guztiak. Atal bereziak ditu terraza, barrualde, eskaera eta abarretarako.

Protokoloarekin batera, 1. Faseari, alegia, terrazak irekitzeari zuzenean jada eragiten dioten neurrien laburpen bat bidali da, adibidez: bezerotik bezerora mahaiak eta aulkiak desinfektatzea, distantzia, ohiko karta eta mahai-zapien ordez behin erabiltzekoak bakarrik baliatzea, ezpainzapitakoak eta antzeko beste elementu batzuk ez baliatzea eta bai monodosiak, etab.

Protokoloaren xedea da ostalaritza-sektoreko enpresek ezarri behar dituzten Jardunbide Onak ezagutzera ematea, dela langileetan, dela pertsona kontsumitzaileetan, COVID-19aren transmisioari eta infekzioari aurrea hartzeko,

Protokoloa prestatzeko, Osasun Ministerioak, Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eta OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak ondutako askotariko gomendioak eta jarraibideak hartu dira kontuan. 

Protokoloa pandemiaren bilakaeran oinarrituta joango da eguneratzen, agintarien gomendio eta neurri berriak eguneratu ahala.