Osasun sailburuak zuhurtzia eskatu du Covid-19aren txertoari buruz hitz egiterakoan

2020.eko azaroak 25

Gotzone Sagardui Osasun sailburua elkarrizketatu dute, gaur goizean, Bizkaia Irratiko “Goizeko Izarretan” saioan. Bertan, azpimarratu du Euskadi gai izango dela Covid-19aren txertoa jartzeko, izan ere, txertaketa-kanpainetan esperientzia dauka Osakidetzak; baina, esan du txertaketa ondo prestatzeko, lehendabizi, jakin beharra dagoela zein izango den txertoa eta zein ezaugarri izango dituen. Hau horrela, Osasun sailburuak zuhurtzia eskatu du Covid-19aren txertoari buruz hitz egiterakoan.“Txertorako bidea luzea da, zuhurtzia beharrezkoa da eta prebentzioa mantendu behar da bitartean”, esan du.

Bizkaia Irratiari eskainitako elkarrizketan, Sagardui sailburuak nabarmendu du hobeto gaudela baina ez gaudela ondo; hartutako neurriak emaitzak ematen ari diren arren egoera on batera iristeko bidea luzea baita oraindik. Zentzu honetan, Gotzone Sagarduik prebentzio neurriak betetzen jarraitzeko deia egin du.

Gabonen inguruan galdetuta, Osasun sailburuak adierazi du oraindik goiz dela neurriak zein izango diren jakiteko, pandemiaren eboluzioa jarraitu behar dela eta horren arabera neurriak erabaki.

Elkarrizketan zehar jorratutako beste gaietako bat griperen txertaketa-kanpainarena izan da. Sarardui sailburuak positiboki baloratu du txertaketa-kanpaina, izan ere, dagoeneko 500.000 pertsona inguruk jarri dute txertoa, iaz baino %50 gehiagok. Gainera, gogorarazi du oraindik aukera dagoela txertoa hartzeko, bakoitzaren osasun-zentrora deituz hitzordua hartzeko. Bestalde Osasun sailburuak gripearen txertaketa-kanpainan parte hartzen ari diren osasun langileen esfortzua eskertu nahi izan du, txertaketa posible egiten ari diren pertsonen esfortzua.

Bestalde, Gotzone Sagardui Osasun sailburuan nabarmendu du Osakidetzan ez dela murrizketarik egin, kontrakoa baizik, momentu honetan, inoiz baino langile gehiago dituela kontratatuta ziurtatu du. “Behar izanak handiagoak direnez  baliabide gehiago jartzen ari gara beharrei hobeto erantzun ahal izateko”, esan du.