Osasun sailak erizainen akreditazioa baimendu du medikamentuen banaketa agindu, erabili eta baimendu ahal izateko

2020.eko urtarrilak 08

  • Agindua gaur argitaratu da EHAAn, eta, haren bidez, erizaintzako langileei kontsultetan eginkizun aktiboagoa eta segurtasun juridiko handiagoa ematen dien errege-dekretua gara daiteke
  • Euskadin, erizaintzako 16.400 profesional elkargokide daudela kalkulatzen da; haietatik, % 98k zuzenean egiaztatzeko baldintzak betetzen ditu.

 

 

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak, gaur, Euskadin medikamentuen eta giza erabilerarako osasun-produktuen banaketa agindu, erabili eta baimentzeko erizainak akreditatzeko prozedura arautzen duen agindua argitaratu du. Akreditazio horren bidez, erizaintzako langileek eginkizun aktiboagoa bete ahalko dute, pazienteei kontsultetan ematen zaien erantzun zuzenean.

Agindu horrek aukera ematen du 954/2015 Errege Dekretua garatzeko; dekretu horrek ezartzen du erizainek medikamentuen eta giza erabilerarako osasun-produktuen banaketa “agindu, erabili eta baimendu" dezaketela eta, hala, segurtasun juridikoa eman beraien lanbidean jardutean. Baina, horretarako, kolektibo horretara akreditatu beharra dagoela ezartzen du, eta titulua izateaz gain, zenbait eskakizun bete behar direla: gutxienez urtebeteko lanbide-esperientzia izatea edo, bestela, osasun-administrazioak gaitutako doako egokitzapen-ikastaroa gainditzea; eskumen hori autonomia-erkidego bakoitzarena izango da.

Osasun Sailak kalkulatzen du Euskadin erizaintzako profesionalen % 98 zuzenean akreditatu ahalko dela; izan ere, urtebeteko esperientzia baino gehiago du. Euskadin, gaur egun, erizaintzako 16.400 profesional elkargokide inguru daude; haietatik, % 80,5ek Osakidetzan lan egiten du eta gaineraoek, eremu pribatuan. % 90,3 emakumea da.

ZER DIO ERREGE-DEKRETUAK?

Errege Dekretuak bi kasu ezartzen ditu medikamentuen banaketan. Batetik, erizainek preskripzio medikorik behar ez duten medikamentuen (adibidez, ibuprofenoa) eta giza erabilerarako produktuen (xurgagailuak, sendaketak egiteko materiala…) banaketa askatasunez eta autonomiaz agindu, erabili eta baimendu ahalko dute, banaketa-agindu baten bidez.

Gainera, preskripzio medikoa behar duten zenbait medikamenturen banaketa agindu, erabili eta baimendu ahalko dute, baina, horretarako, elkarlanean egin beharko dute, praktika klinikoko eta laguntza-praktikako protokolo eta giden bidez; haietan, nahitaez jasoko dira zer kasu zehatzetan beharko den aurretiaz medikuaren baliozkotzea, bai eta prozesuaren segimenduko jarduketak ere. Protokolo horiek Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde Arteko Kontseiluko Farmazia Batzorde Iraunkorrak onetsi beharko ditu.

ERANTZUTEKO GAITASUN HANDIAGOA

Nekane Murga Osasun sailburuaren iritziz, neurri horrek lagundu egingo du Osakidetzak gero eta zahartuagoa den, gero eta gaixotasun kroniko gehiago dituen eta gero eta mendekotasun handiagoa duen gizarteak dituen beharrei erantzuteko duen gaitasuna areagotzen. Osasun-arreta unibertsalari eta kalitatekoari eusteko, jarduteko eremuetan gero eta trebakuntza gehiago duten profesionalen elkarlanean oinarritzen diren laguntza-ereduak aktibatu behar dira, eta ebazteko gaitasun handiagoa eman behar zaie.

Hori horrela, sailburuak gogorarazi du erizaintzak, azken urteotan, “aurrerapen handia" izan duela “haren gaikuntzan eta ezagutza zientifikoan eta, ondorioz, profesional horiek eginkizun aktiboagoa dutela pazienteen beharrei eman beharreko erantzun zuzenean”.

Osasun Saila eta Eusko Jaurlaritza Euskadin errege-dekretu horren garapenean inplikatuta dauden agente guztiekin ari dira lanean eta, horretarako, jarduketak koordinatzen ari dira Erizaintzako profesionalen elkargoekin eta UPV/EHUrekin, eremu publikoko eta pribatuko erizaintzako profesional guztien akreditazio-prozesua arindu eta bermatzeko. Aldi berean, errezetaren sistema elektronikoak egokituko dira datozen asteetan, erizaintzako banaketa-agindua sartzeko.