Osasun Sailak eguzkitik eta berotik babestea gomendatzen du, uda iristean osasun ona izateko, eguzki-errotazio handieneko eta tenperatura altuetako garaia baita

2020.eko ekainak 23

Ura etengabe edatea, egunaren erdiko orduetan eguzkia saihestea, bero handieneko orduetan ahalegin fisiko handirik ez egitea, edo adinekoekin eta adingabeekin arreta berezia izatea dira Osasun Sailak eta Osakidetzak prestatutako 2020ko Beroaren eraginak prebenitzeko planean jasotako gomendioetako batzuk.

Larruazaleko melanomaren intzidentziak % 2,5 egin du gora gizonen artean, eta % 1,8 emakumeen artean, Euskadiko Minbizi Erregistroaren arabera.

 

Udako hilabeteetan, erradiazio ultramorea handiagoa da, eta, garai horretan, pertsonak eguzkitan denbora gehiagoz egoten dira eta eguzki-erradiazio handiagoa jasotzen dute, egunean ordu gehiago aire librean ematen dutelako, paseatuz, kirola eginez, eguzkia hartuz edo aisialdiko beste jarduera batzuk eginez. 

Sasoi horretan bereziki kontuz ibili behar da azala zaintzeko eta bizitzan zehar azalean pixkanaka pilatzen diren eguzkiaren ondorio kaltegarriei aurrea hartzeko. Eguzkiaren UVA eta UVB erradiazio ultramoreen eraginpean egotea ingurumen-faktore garrantzitsuena da azaleko minbizi mota gehienen agerpenean, larruazaleko erreduren, haren zahartzearen eta hainbat begi-afekzioren eragilea izateaz gain. Larruazaleko melanomaren intzidentziak gora egin du, bai gizonen artean (% 2,5), bai emakumeen artean (% 1,8), 2001-2015 aldian, Euskadiko Minbizi Erregistroan jasotako azken bilakaera-datuei erreparatuz gero. Datu horien arabera, tumore mota horren intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 13,3 kasukoa da gizonen artean, eta 15ekoa emakumeen artean (2011-2015 aldia).

Horregatik guztiagatik, Osasun Sailak eta Osakidetzak beste urte batez gogorarazi dute komeni dela zenbait neurri eta arreta hartzea eguzkitik babesteko eta haren eraginpean modu osasungarrian jartzeko.

Horrela, eguzki-erradiazioaren epe labur eta luzeko kalteak saihesteko, gomendagarria da:

  • Egunaren erdiko orduetan eguzkitan ez egotea, eguzki-erradiazioa handiagoa baita ordu horietan (12:00etatik 16:00etara).
  • Gure larruazalerako eta eguzki-intentsitaterako krema fotobabesle egokia erabiltzea (inoiz ez 15-20tik beherako babes-faktorekoa), UVA eta UVB erradiazioetatik babestuko duena.
  • Eguzki-krema kantitate oparoan aplikatzea gorputzaren zati guztiak babesteko, esposizioa baino 20-30 minutu lehenago.
  • Denbora-tarte jakin batean behin aplikazioak ematea (2 edo 3 orduan behin), eta bainu bakoitzaren ondoren, izerdi edo transpirazio biziaren ondoren eta toallarekin lehortu ondoren.
  • Erabili kapela, eguzkitako betaurreko homologatuak edo babes-arropa.
  • Gogoratu sendagai batzuek erreakzioak eragin ditzaketela hartzen ditugun bitartean eguzkitan jartzen bagara.
  • Haurrak sentikorragoak direnez, haiekin zuhurtasun-neurriak areagotu behar dira, bizitzako lehen urteetan eguzkiaren gehiegizko esposizioa eta haurtzaroko erredurak saihesteko.

 

TENPERATURA ALTUEN AURREKO PREBENTZIO-PLANA

Eguzki-erradiazioa handiagoa izateaz gain, udako hilabeteetan tenperatura handiko egunak daude, osasunean ondorio kaltegarriak eragin ditzaketenak eta biztanleria osoari eragiten diotenak, bereziki pertsona kalteberei, hala nola haurrei, adinekoei eta gaixotasun kronikoak dituztenei.

Beroaren ondorioei aurrea hartzeko, Osasun Sailak eta Osakidetzak Tenperatura altuek EAEko biztanleen osasunean eduki ditzaketen ondorioak saihesteko ekintzak (2020) izeneko plana landu dute. Plan horretan, datozen hilabeteetan muturreko tenperaturen aurrean hartu beharreko neurriak jasotzen dira, besteak beste:  

  • Likidoak kontsumitzea: ura etengabe eta egun osoan zehar edatea, egarria izateko zain egon gabe. Izerdiak eragindako galeretatik berreskuratzen lagunduko du horrek.
  • Kafeina, alkohola edo azukre gehiegi duten edariak ez kontsumitzea. Ez dute egarria asetzen eta gorputzeko likido gehiago galarazten dute.
  • Entsalada, barazki eta fruituen kontsumoa areagotzea, izerdiagatik galtzen diren gatz mineralak berritzea lortzeko.
  • Janari koipetsuak eta oparoegiak saihestea, berora egokitzea zailtzen baitute.
  • Egunaren erdiko orduetan eguzkitan ez egotea. Kalera irten behar baduzu, babestu eguzkitik kapela baten, eguzkitako betaurrekoen eta eguzki-babesaren bidez.
  • Etxean: leihoak ixtea eta eguzkiak ematen duen pertsianak jaistea. Bero gutxien egiten duen uneak aprobetxatzea etxea aireztatzeko eta freskatzeko. Zauden gelan haizagailu bat izaten saiatu. Bero handia igartzen baduzu, gorputza freskatu, batez ere aurpegia eta eskuak, ur freskoarekin.
  • Izerdi bizia eragiten duten ahalegin fisiko handiak ez egitea bero handieneko orduetan.
  • Bete-betean eguzkitan lan egin behar baduzu, burua kapela batez estali, eta gorputza arropa arin eta oso transpiragarriaz. Ur asko edatea, 2-4 baso ur fresko orduko.
  • Pertsona kalteberenak zaintzea: haurtxoengan, adinekoengan eta gaixoengan arreta berezia jartzea.
  • INOIZ ez da inor geratu behar aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailu batean, nahiz eta itzalean egon.
  • Adinekoek, batez ere bakarrik bizi direnek edo mendetasun-egoeran daudenek, zailtasunak izan ditzakete babes-neurriak hartzeko. Beraz, komeni da gutxienez egunean behin bisitatzea.

 

Azkenik, nabarmendu behar da, tenperatura altuekin lotutako sintomen aurrean (ahultasuna, nekea, zorabioak, goragalea, ondoeza...), ordubete baino gehiago luzatzen badira, osasun-langileekin harremanetan jarri behar dela.

 

Informazio gehiago:

https://www.euskadi.eus/informazioa/udaz-gozatu-zure-osasuna-zaindu/web01-a3visol/eu/

 

  Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 23an