Osakidetzak jarduera kirurgikoaren ia %100 berreskuratu du goizeko txandan koronabirusaren geldialdiaren ostean

2020.eko maiatzak 30

  • Osakidetzak asistentzia-jarduera berreskuratzen jarraitzen du, bai ebakuntza kirurgikoetan, bai kanpo-kontsultetan, bai proba osagarrietan
  • Nekane Murga sailburuak erantzukizun indibidual eta kolektiboa eskatu du, gure jarreraren araberakoa izango baita egindako bidea ez desegitea

Nekane Murga Osasun Sailburuak adierazi duenez, datuek erakusten dute bilakaera positiboa izan dela, eta Euskadiren egoera duela hilabete batzuetakoaren oso bestelakoa dela. Horri esker, pixkanaka normaltasuneranzko bideari eutsi zaio, baita asistentzia-jarduerari dagokionez ere. Osakidetzak goizeko txandan jarduera kirurgikoaren ia% 100 berreskuratu du, eta ekainean arratsaldean ere programatzen hasiko dira.

Kanpo-kontsultei eta proba osagarrien berreskurapena  motelagoa da eta jarduera % 40 eta% 70 artekoa da. Une honetan, Sailburuak Bilbon egindako prentsaurrekoan azaldu duenez, lan ez-presentzial handia egiten ari dira telefonoz. Gogorarazi duenez, pertsonen segurtasuna izan da Sailarentzat eta Osakidetzarentzat lehentasuna, eta hala izaten jarraitzen du.

Sailburuak eskerrak eman dizkie profesionalei hilabete hauetan hartutako konpromisoagatik eta herritarrei hartutako neurrien aurrean erakutsitako ulermen eta jarreragatik. Horren harira, Nekane Murgak erantzukizun indibiduala eta kolektiboa eskatu du, gure jarreraren araberakoa izango baita egindako bidea ez desegitea. Hondartzen erabilerari dagokionez, sailburuak esan du COVID-19 ez dagoela oporretan eta ez direla errepikatu behar pilaketen irudiak. Pertsona bakoitzaren inplikazio aktiboa eskatu du hondartzen erabilera dinamikoa egiteko eta segurtasun-distantzia mantentzeko.

DATU EGUNERATUAK

Osasun Sailak Euskadiko egoera epidemiologikoa eguneratzen du COVID-19ri dagokionez, informazio honen bidez:

EGINDAKO PROBAK

Atzo 4.807 proba egin ziren guztira (3.247 PCR y 1.560  test azkar).

BAIEZTATUTAKO KASUAK

  • Atzo PCR bidez baieztatu zituzten positibo berriak 7 izan dira: kasu bat Araban, 6 Bizkaian eta bat ere ez Gipuzkoan.
  • Test azkarraren bidez detektatutako kasuak, 78 izan ziren. Proba horrek hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen ditu, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezakete.

POSITIBOEN ETA OSPITALEEN EGOERA

Orain arte 1.536 pertsona hil dira guztira, eta atzo bost hildako berri erregistratu ziren. Gainera, 27 pertsona ZIUn daude.

 

Informazio gehiago:

Egoera epidemiologikoa:

https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/boletin_coronavirus/es_def/adjuntos/30_mayo_Boletin.pdf

 

Egoera asistentziala: https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/boletin_coronavirus/es_def/adjuntos/30_mayo_Datos_Asistenciales.pdf