Osakidetzak jakinarazi du handitu egin duela lehen mailako arretako plantilla, eta sindikatuei osasun-zentroetako administrazio-arloetako langileentzako osagarri ekonomikoa eskaini die

2020.eko azaroak 26

Lehen Mailako Arretak, datorren urtean, 196 profesional gehiago izango ditu

 

Osakidetzak, gaur, sindikatu-ordezkariekin eginiko Mahai Sektorialean, Lehen Mailako Arreta sendotzen jarraitzeko neurri gehiago aurkeztu ditu. Euskal Osasun Zerbitzuak mahai gainean jarri du plantilla sendotzea eta, horretarako, asistentzia-eremu horretan 196 plaza gehiago sartzea, bai eta Lehen Mailako Arretako administrazio-arloetako langileentzako osagarri berezia aitortzea ere, haien ordainsariaren % 4ko igoeraren baliokidea.

Neurri horiek berriak dira, eta azken urteotan Osasun Sailak eta Osakidetzak Euskadin Lehen Mailako Arreta sendotzeko hartu duten konpromisoa berresten dute. Hala jaso da, halaber, Osasun Sailaren 2021-2024 Esparru Estrategikoan; esparru horrek legegintzaldi honetarako osasun-politikak zehazten ditu, eta horiek kalitateko osasun-publikoko euskal sistema unibertsala eta bikaintasunekoa finkatzen eta Lehen Mailako Arreta sustatzen eta sendotzen jarraitu behar dutela ezartzen du.

 

LEHEN MAILAKO ARRETAKO PLANTILLA HANDITZEA

Mahai Sektorialean jakinarazi da Osakidetzak azken hilotan Lehen Mailako Arretan profesional-kopurua handitu duela. Hala, asistentzia-eremu horren plantilla handitu egin da, eta 196 plaza gehiago ditu.

Iaz, plaza horiek zabaltzeko prozesua hasi zen, eta, 2020. urte-amaierarako, 151 finkatuta egongo dira, dagoeneko:

  • Erizaintzako 79 plaza
  • Familia-medikuntzako 40 plaza
  • Administrari laguntzaileen 23 plaza
  • Fisioterapeuten 4
  • Lehen Mailako Arretako farmazialarien 5

 

2021ean, egiteko dauden gainerako plazen finkapen-prozesuari ekingo zaio (45), harik eta guztiak bete arte, alegia, 196.

Gainera, Mahai Sektorialean Lekualdaketen Lehiaketa Irekiaren eta Etengabearen berri eman da.

 

ADMINISTRAZIO-ARLOETAKO OSAGARRIAK

Osakidetzak sindikatuei, bestalde, Lehen Mailako Arretako administrazio-arloetako langileen soldata ospitaleko eta ospitalez kanpoko arretarako beste asistentzia-eremu batzuetan lan egiten duten administrazio-arloko langileenarekin parekatzeko proposamena aurkeztu die. Alegia, Lehen Mailako Arretako administrazio-arloetako langileentzako osagarri berezia onartu du, haien ordainsariaren % 4ko igoeraren baliokidea.

 

Proposamen horren bidez, gainera, osasun-zentroetako egituran lanbide-profil hori asistentzia-dinamikaren parte gisa finkatu nahi da. Osakidetzak gogorarazten du administrazio-arloek zerbitzuaren erabiltzaileentzako bitartekaritzarako eta bideratzeko eginkizuna dutela, izapide posible guztiak ebazten dituztela eta eskariak dagokien zerbitzura bideratzen dituztela, eta, “hala, erantzun eraginkorra ematen dutela, zerbitzu integratua eta etengabea izateko.

 

SENDOTZEKO BESTE EKINTZA BATZUK

Mahai Sektorialean, Osakidetzak proposatu ditu, gainera, Lehen Mailako Arreta sendotzeko beste neurri batzuk. Besteak beste:

 

Antolamendu-neurriak:

  • Lehen Mailako Arretarako Zuzendariordetza berezia sortzea, Osakidetzaren Osasun-laguntza Zuzendaritzaren barruan, koordinazioa hobetu eta Lehen Mailako Arretari bere espazioa emateko.
  • Lehen Mailako Arretako kontsultetan eginkizun burokratikoak murrizteko plana aurkeztea, oraintsu Covid-en positiboaren kontaktu estua izateagatik baja eman behar ez izateko hartutako neurriaren ildo beretik.

 

Inbertsioei eta ekipamenduei buruzko neurriak:

  • Hobekuntza-obrak amaitzea osasun-zentroetan, 14 milioi euroan, urtea amaitu aurretik.
  • Datorren urteko aurrekontu-proiektuan Lehen Mailako Arretako inbertsio berrien aurreikuspena sartzea, 21 milioi eurokoa.

 

 Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 26a