Osakidetzak Avedis Donabedian sari bi lortu ditu

Osakidetza.jpeg

2020.eko urtarrilak 10

  • Edizio honetan, Osakidetzako Barrualde-Galdakaoko eta Tolosaldeko Erakunde Sanitario Integratuek sari bana jaso dute. Lehenengoak Osasun Mentala eta Adikzioak kategorian, eta bigarrenak, berriz, lehen mailako arretaren kalitate asistentzialarenean.
  • Euskal osasun arreta publikoaren kalitatearen erakusgarri dira bi aintzatespenok

 

 Avedis Donabedian sarien XXXI. edizioak ¾osasun-erakundeen kalitatea aitortzeko 1989an sortu zirenak¾, 14 sari banatu ditu zenbait espeziliatatetan, atzo Bartzelonan egindako ekitaldian. Besteren artean, Osakidetzako bi erakunde sanitario integratuk jaso dute aitortza hori. Batetik, Barrualde-Galdakaoko ESIko Psikiatria Zerbitzuak saria lortu du Osasun Mentala eta Adikzioak kategorian; bestetik ostera, Tolosaldeko ESIak eskuratu du lehen mailako arretaren kalitatearen aitortza.

“Sariok euskal osasun arreta publikoaren kalitatearen erakusgarri dira; edizio honetan lehen mailakoak diren estatuko osasun erakundeak aurkeztu baitira. Nabarmendu nahi nuke, bestalde, emaitza ezin hobeak dauzkan Psikiatria Zerbitzua saritu izana, bateko, eta besteko, lehen mailako arretako jardunaren bikaintasunagatik saria jaso duen zerbitzu erakundea ere; sari are bereziagoa, egun bizi dugun egoera aintzat hartuz.”

 

Osasun Mentala eta Adikzioak

Azken sei urteotan, Galdakao-Usansolo Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuak sari hau jasotzen duen bigarren aldia da, aurrekoa 2014an jaso zuen. Nolanahi ere, ez da jaso duen sari bakarra: Barea saria, Best in Class lau sari, eta accesita Psikiatria eta Eskizofrenia kategorian.

Zerbitzuburu Jose Martin Zurimendik azpimarratu duen eran, “era horretako sariak diziplina anitzeko pertsonek osatutako talde-lanari esker lortzen dira: psikiatrak, psikologoak, gizarte langileak, terapeuta okupazionalak, erizainak, zeladoreak, administrariak; pazientearen tratamendu integralean bakoitzak bere ekarpena eginda, elkarlanean jardunez, profesionaltasun eta konpromiso sendoaz”. Eta gaineratu du: “era honetako beste sari bat jaso orduan, paziente batek esan zigunak laburbiltzen du hau guztia: hau da, esku onetan gaude”. Horrek, zelan ez, lagundu egiten digu gure pazienteen eta senideen zainketak eta tratamenduak hobetzen, eta senti dezaten ondo zaintzen ditugula, eta kalitatez eta duintasunez artatzen ditugula; gure testuinguruan ezinbestekoa dena.”

Psikiatriako Zeribtzuaren ibilbidea 1985ean hasi zen Desintoxikazio Unitatearekin (DU), eta 1990ean bilakatu zen zerbitzu, paziente akutuei arreta ematen hasi orduan. Gaur egun, 40 ohe dauzka bere jarduna aurrera eramateko, horietatik 10 DU-koak. Ospitaleko arretaz gain, Eskualdeko larrialdi psikiatrikoez arduratzen da, baita beste zerbitzu batzuetako interkontsultez ere. Zerbitzu-zorroa osatzen dute kanpo kontsultetako era honetako programen bidez: elkadura-jokabideak, psikonkologia, bihotz-errehabilitazioa, nortasunaren nahasmenduak…, eta Zubia programa ardatz duen Eguneko Ospitalea; alta ondoko jarraipen anbulatorioaren eta ospitalekoaren zubi-lana egiten duena.

Zerbitzu honek, urtero, ospitalizazioan, 1.000 paziente inguru artatzen ditu; 690 Psikiatria Orokorrean, gainerakoak Desintoxikazio Unitatean, eta 90 Eguneko Ospitalean. Akutuen diagnosi ohikoenen artean daude: psikosia, ospitaleratzeen erdia baino gehiago; depresioak; neurosiak, eta nortasunaren nahasmenduak. Zubia programan, berriz, hauexek dira tratatzen diren arazo ohikoenak: depresioak, nahasmendu bipolarra, eskizofreniak eta alkoholismoa, eta beste toxikomania batzuk. Horrez gain, alkoholismoa eta beste adikzioen arloan, opiazeoekiko menpekotasuna da ospitaleratzeen %31aren eragilea; horietatik %35 alkoholarekiko menpekotasundunak dira, eta %20k, ostera, kokaina kontsumitzen dute. Pazienteak, batez beste, 12 egun egon ohi dira ospitaleratuta.

 

Lehen Mailako Arretako Kalitate Planaren bikaintasuna

Kategoria honetan, bestalde, eguneroko jarduera asistentzialaren kalitatea etengabe hobetzeko programak garatzen dituzten zerbitzu erakundeak, lehen mailako arreta eskaintzen dutenak, aintzatesten dira. Kasu honetan, Tolosaldeako ESIko kudeaketa-arlo zenbaitetan egin diren jarduerak saritu dira: kalitatea, I+G+B, eta jarduera asistentziala.

Gipuzkoako erakunde sanitario integratu horretan 186 profesionaletik gora dihardute lanean; 31 udalerritako 66.000 herritarren osasun-jardunaren kalitatea hobetzeko etengabeko ahaleginean dabiltzanak. Euren jarduna era honetan antolatzen da: lehen mailako arretako 5 unitate eta Tolosako Osasun-zentroan dagoen Etengabeko Arreta Gunea.

2015ean eratu zenetik, Tolosaldeako ESIa kudeaketaren bikaintasunarekin lotutako bere lorpenengatik nabarmendu da. Kudeaketa aurreratuaren ereduari jarraikiz, urtero ziurtagiriak egiaztatzen ditu: kalitate asistentzialarena  (ISO 9001), lan arriskuen prebentzioarena (OSHAS 18001), ingurumen kudeaketarena (ISO 14001 eta EMAS), I+G+B kudeaketarena (ISO 166002), eta tabakoaren kerik gabeko erakundeena.

Estrategia hori lagungarria izan da aipatu arlootan emaitza bikainak lortzeko. Horrekin batera, kanpoko hainbat airtortza jaso izan dira, erakundearen kudeaketagatik, zein proiektu berritzaileak garatzeagatik. Oraintsu jaso ditugunetako batzuk dira: Berrikuntzari Barea saria (Madril 2019), edo Quality Innovation Award (Beijing 2019).

Lehen mailako arretaren kalitate asistentzialaren bikaintasunari Avedis Donabedian sariak agerian uzten du, ostera, erakundeak kalitate planari ematen dion garrantzia, eta berori garatzeko eta inplementatzeko bere dedikazioa; horren xede izanik, zerbitzu hobea eskaintzea, eta pazienteen eta erabiltzaileen asebetetzea. “Tolosaldeak sari hori jaso zuen baita ere 2015ean eta 2017an, Integrazio Asistentzialaren kategorian. Horrek guztiak, zelan ez, bide onean gabiltzala pentsarazten digu, eta arretaren bikaintasunaren bila aurrerapausoak ematen jarraitu behar dugula” azpimarratu du Tolosaldea ESIko zuzendari gerente Marisa Merinok.

Era honetako aintzatespenek, bestalde, Osakidetzak eta Osasun Sailak lehen mailako arretarekiko ¾osasun-jardueraren lerro estrategikoa dena¾ daukaten konpromiso sendoa ere erakusten du. Hala, 2020an, arlo horretako Osakidetzako estrategia espezifikoa ganoraz garatzeko, besteak beste aurrekontua hirukoiztea aurreikusi da.

 

 

Galdakaon, 2020ko urtarrilaren 10a