Onetsi da Tolosaldeako lPP-a; hark Lurralde-plangintza osatzen du, 1997ko LAG-en arabera (Gobernu Bilera 2020-05-19)

fotoconsejo.jpg

2020.eko maiatzak 19

Gobernu Kontseiluak, gaur, Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak proposatuta, Tolosaldeako Lurralde Plan Partziala (LPP) onetsi du. Haren bidez, 1997ko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroekin abian jarri zen plangintzaren garapenari amaiera ematen zaio.

Urrats horren bidez, Euskadiko lurralde osoak izango du lurralde-plangintza bat, funtzio-arloko eskalan. Orain, LAG berrien eskari eta errekerimendu berrietara egokitutako lurralde-plan partzialen bigarren belaunaldia hasi behar da; LAG horien berrikuspena iaz onetsi zen.

Tolosaldeako LPP Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu dute, elkarrekin. Mikel Eletxigerra arkitektoak zuzendutako taldeak idatzi du, eta ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura bete behar izan du. Haren eremuak 28 udalerri eta Aralarko Enirioko mankomunitatearen zati bat jaso ditu.

Haren helburuetako batzuk, besteak beste, honako hauek dira: Gipuzkoako iparraldearen antolamendu multipolarra sustatzen laguntzea eta, horretarako, Donostia-San Sebastián hiriburuaren makrozefalia posiblea zuzentzea;  Tolosaren maila igo eta hiri nagusi izatea; tamaina ertaineko nukleoak landa-arloekin integratzea, eta 16 urtean izan behar diren lurralde-eragineko ekintzak koordinatzea, funtzio-arloaren garapen orekatua bermatzeko.

Planak hainbat alderdiri heltzen dio, besteak beste: baliabide fisikoa, garraio eta komunikazioen sistema erlazionala, oinarrizko azpiegituren sistema, finkapenen sistema eta udalaz gaineko ekipamendu eta espazio libreen sistema, bai eta udalerrien hirigintza-plangintzen bateragarritasuna edo eragiketa estrategikoak.

Lehen eremuan, dagoeneko deklaratutako espazio naturalak jasotzeaz gainera (Aralarko Parke Naturala, Ernioko Mendigunea), Murumendi, Atxulondo, Abaloz, Jazkuganeko Eremua eta Basabe natura-intereseko espazioak identifikatzen ditu, bai eta Orexako ubidea ere.

Funtzio-arloaren egitura bipolarra mantentzea proposatzen da, Tolosa-Ibarra hiri nagusi gisa eta Villabona-Zizurkil bigarren hiri nagusi gisa, eta, 16 urteko denbora horizontean, ekintza estrategiko ugari zehazten ditu. Besteak beste: Villabona-Anoeta korridorearen ibarraren antolamendu integrala; Tolosa-Ibarraren hegoaldeko eremuaren baterako garapena; Villabona-Irura-Anoeta eta Tolosa-Alegia tarteetan Oriako hiri-ardatzaren bideen jarraitutasun funtzionalaren eteteak konpontzea; Ibarra eta Zizurkil saihesbideak exekutatzea, eta Adunako ibarreko eta Apattaerrekako jarduera ekonomiko poligonoak betetzea.

Planak, azken batean, lurralde-jasangarritasunerako joera erakusten du eta, horretarako, natura-balioen babesa ezartzen du, lurzorua ondasun urri gisa administratzen du eta jarduera ekonomikoen edo ekipamenduen proposamenak tartean diren eragile guztien adostasun handienarekin egiten ditu