Onetsi da Osasuneko sailburuaren agindua; haren bidez, toki-eremuan osasuna sustatzeko laguntzen deialdiaren oinarriak ezartzen dira (Gobernu Bilera 2020-05-19)

fotoconsejo.jpg

2020.eko maiatzak 19

Gobernu Kontseiluak, gaur, Osasuneko sailburuaren agindu hau onetsi du: 2020an Euskadiko toki-eremuan parte-hartze komunitarioko prozesuen esparruan osasuna sustatzeko garatzen diren jarduketetarako dirulaguntzen deialdiaren oinarriak ezartzekoa.

Parte-hartze komunitarioko prozesuak hainbat agente barne hartzen dituzten egiturak dira. Agente horiek, besteak beste, honako hauek dira: administrazioak, zenbait sektore (hezkuntza, gizartea, osasuna, kultura, ekonomia eta abar), herritarrak eta gizarte-erakundeak. Horren bidez, erkidegoaren intereseko alderdiei erantzun nahi zaie.

Gaur onetsitako aginduaren bidez, osasuna sustatzeko jarduketak diruz lagunduko dira, eta jarduketa horiek honako gai hauekin izango dute zerikusia: jarduera fisikoa, elikadura osasungarria, ongizate emozionala, osasunerako edo ongizaterako ingurune mesedegarriak, etab.

Laguntzak guztira 292.000 eurokoak dira, eta hilabeteko epean eskatu ahalko dira, agindua EHHAn argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.