Olatz Garamendik bere egitasmoak aurkeztu dizkio Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari

IMG_2264.jpg

2020.eko abenduak 10

Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburua Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea (EGAB) Osoko Bilkuran agertu da gaur, bere sailak aurreikusitako lan-planak eta legealdi-proiektuak aurkezteko. Gaur arratsaldean Bilboko egoitzan egin den topaketa baliagarria izan da sailburuaren eta Emilia M. Malaga buru duen erakundearen arteko harremanak estutzeko. Erakunde hori euskal gizarte- eta ekonomia-arloko pertsona eta eragileek osatzen dute. Garamendik legegintzaldi honetako lau urteetarako dituen helburu eta erronken berri eman die.

Besteak beste, hauek nabarmendu ditu: administrazioa digitalizatzea eta gobernantza publikoa modernizatzea herritarrekiko arretan eta harremanetan; euskal sektore publikoa eta bertako langile publikoak antolatzea eta arrazionalizatzea, genero ikuspegia barne, eta tresna teknologikoak eta informatikoak bultzatzea eta garatzea gobernantza hobea lortzeko eta herritarrei baliabide gehiago emateko.

Azkenik, Olatz Garamendik legegintzaldi honetan Gernikako Estatutua osatzeko beharraz hitz egin du, onartu eta 41 urtera. Ildo horretatik, adierazi du bete beharreko transferentzien egutegi bat dagoela, eta birzentralizatzeko tentazioen eta eskumenen inbasioen aurka paretan jartzearen alde egin du.