Labean Sariak: landa eremuan berrikuntza soziala pizten lehiaketan parte hartzeko oinarriak

Proposamenak aurkezteko epea LABEAN SARIAK lehiaketaren deialdi honen oinarriak argitaratzearekin bat irekiko da, 2020ko uztailaren 15ean, eta urte horretako irailaren 18an amaituko da.

LABEAN SARIAK - Ekintzailetza eta berrikuntza sozialeko proiektuen lehiaketan parte hartzeko oinarriak

1. AURREKARIAK

LABEAN: landa eremuan berrikuntza soziala pizten proiektu pilotu bat da, berrikuntza sozialean oinarritua, zeinak, abangoardiako lan tresnen bitartez ekimenak eta pertsonak eragin, lagundu, dinamizatu eta konektatzen baititu, helburua izanik sareko lanerako eredu berri bat eraikitzea eta Euskadiko landa eremu landatarrenen garapen sozioekonomikoa bultzatzea, arazo zaharretarako irtenbide berriak bilatuz.

LABEANen esparruan, eragileek, ekintzaileek, enpresek, elkarteek eta, oro har, gizarte zibilak, espazio eta helburu komunak partekatuko dituzte, lan eta harreman dinamika berriak sortzeko, lurraldea eraldatzen laguntzeko eta landa inguruneko biztanleen bizi kalitatea hobetzeko.

Berrikuntza Soziala, Innobasqueren definizioaren arabera, hau da: “pertsonen arteko lankidetzazko prozesu parte hartzaileak, aurretik esperimentatu ez diren eta herritarren onarpena duten irtenbideak elkarrekin sortuz gizarteko egoera eraldatzeko edo hobetzeko, zeharkako ikuspegia edukita. IKASKETA, KONPROMISOA, ERALDAKETA”. Beraz, berrikuntza sozialeko ekimenek gizarte eta ingurumenarekiko eragin positiboa dute eta premia zehatzei erantzuteko jartzen dira martxan.

Enpresa sozial bat da helburu nagusitzat gizartean eragitea duena, jabeentzako edo bazkideentzako etekinak sortzea baino gehiago. Merkatuan ondasunak eta zerbitzuak emanez funtzionatzen du, modu enpresarialean eta berritzailean, eta bere soberakinak xede sozialetara bideratzen ditu bereziki. Kudeaketa arduratsua eta gardena du, zehazki, bere langileak, bezeroak eta jarduera ekonomikoko alderdi interesdunak elkartuz. Europako Batzordeak honela definitzen ditu enpresa sozialak:

−  interes komuneko helburu soziala dute, eta hori da ekintza komertzialaren izateko arrazoia, askotan, berrikuntza sozialeko maila altuarekin.

− bere etekinak helburu sozial hori lortzeko berrinbertitzen dira nagusiki.

− eta bere antolamendu eredua edo jabetza erregimena bere misioaren isla dira, printzipio demokratikoetan edo parte hartzaileetan oinarrituta edo justizia sozialera bideratuta.

Horrenbestez, izan daitezke:

− gizarte zerbitzuak egiten dituzten enpresak edo publiko kalteberari ondasunak eta zerbitzuak ematen dizkietenak (ingurumenari lotuak, etxebizitzarako sarbidea, zainketetarako sarbidea, adineko pertsonentzako edo desgaitasuna dutenentzako laguntza, talde zaurgarrien inklusioa, haurtzaindegia, enplegurako eta prestakuntzarako sarbidea, menpekotasunaren kudeaketa, etab.);

− enpresa horietan, ondasuna edo zerbitzuak ekoizteko ereduak helburu sozial bat dauka (premia duten pertsonak gizartean integratzea eta profesionalizatzea, laneratzeko, batez ere kualifikazio urria dutelako edo arazo sozialak edo profesionalak dituztelako, zeinek bazterkeria eta marjinazioa eragiten baitute), baina gerta daiteke bere jarduerak sozialak ez diren ondasunak edo zerbitzuak egotea.

2. HELBURUAK

Oinarri hauen xedea da LABEAN SARIAK lehiaketaren sariak emateko oinarriak arautzea, Añana, Enkarterri eta Arabako Mendialdeko landa eremuan inpaktu sozial positiboa sortzeko gaitasuna duten ekintzailetza eta berrikuntza sozialeko ekimenak aitortzeko.

Lehiaketaren xedea da ekimen berritzaileak diseinatzea eta inplementatzea, honetarako:

− landa eremuan berrikuntza eta ekintzailetza sozial jasangarria sustatzea eta bultzatzea.

− berrikuntza sozialeko eta ekintzailetza sozialeko proiektuak sortzea, hazteko ahalmena dutenak, enplegua sortzeko, aberastasuna sortzeko eta jarduera ekonomikoa hobetzeko.

− gizarteari ezagutaraztea berrikuntza eta ekintzailetza sozialaren garrantzia, eredu enpresarial, ekonomiko eta sozialki errentagarri moduan.

− enpresa berriak eta start-upak sortzeko beharra agerian jartzea, ingurumena eta garapen jasangarria errespetatuko duten ekonomietan oinarrituta.

− ideiak eta enpresa sortzaileak, berritzaileak eta inpaktu sozial positiboa sortzen dutenak aitortzen, ikusarazten eta sustatzen laguntzea, landa eremuaren beharrei erantzuteko adibide moduan.

3. PARTE HARTZAILEAK

Lehiaketan parte hartu ahal izango dute:

1. 18 urte baino gehiagoko pertsona fisikoek edo taldeek, ekintzailetza sozialeko proiektu bat aurkezten badute Enkarterri, Arabako Mendialde eta/edo Añana eskualdeetako landa eremuetan garatzeko (Euskadiko Geobisore). Pertsona edo talde batek berak 3 proiektu aurkeztu ahal izango ditu gehienez. 

2. Negozio-lerro berriak dituzten pertsona juridikoak. Enkarterri, Arabako Mendialdea eta/edo Añana eskualdeetako landa-eremuetan garatu beharrekoak dira (Euskadiko Geobisore).

3. Euskadiko toki erakundeek, berrikuntza sozialeko proiektu bat aurkezten badute Enkarterri, Arabako Mendialde eta/edo Añana eskualdeetako landa eremuetan garatzeko (Euskadiko Geobisore). Hauek dira toki erakundeak, Euskadiko Toki Erakundeen 2/2016 Legearen 2. artikuluan xedatutakoaren arabera:

- Udalerria.

- Kontzejuak eta udalerriarena baino eremu txikiagoko beste lurralde erakundeak, lurralde bakoitzean dagoen foru araudian eta toki araubidearen gaineko oinarrizko legerian ezarritakoaren arabera.

- Udalerrien mankomunitateak.

- Arabako lurralde historikoko kuadrillak edo antzekoak.

- Beste zeinahi erakunde, baldin eta tokiko lurralde erakunde zenbait biltzen baditu, dagokion izendapen bereziarekin, 2/2016 Legean eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoaren arabera.

4. Tokiko sektore publiko instituzionala: tokiko erakunde autonomoak, tokiko enpresa-erakunde publikoak eta tokiko titulartasun publikoa duten merkataritza-sozietateak.

4. PARTE HARTZEKO KATEGORIAK

Lehiaketak bi kategoria izango ditu:

  • Kategoria 1: Ekintzailetza edo berrikuntza sozialeko proiekturik onena, erakunde pribatuek sustatua, eskualde hauetako landa eremuetan:

− Enkarterri

− Añana

− Arabako Mendialdea

  • Kategoria 2: Ekintzailetza edo berrikuntza sozialeko proiekturik onena, erakunde publikoek sustatua, eskualde hauetako landa eremuetan:

− Enkarterri

−  Añana

−  Arabako Mendialdea

5. ESKUALDEEN ERRONKAK:

Aurkeztutako proiektuek eskualdeetan planteatutako erronketako bati erantzun behar diote gutxienez. Erronka hauek eskualde bakoitzean egindako LABEAN Open Space jardunaldien emaitzetan oinarrituta identifikatu dira. 

Hiru eskualdeen erronka komunak honako hauek dira:

− Landa eremuan bizi diren pertsonen integrazioa bultzatzea eskualde kohesionatu bat lortzeko.

− Gazteentzat landa eremu erakargarria sustatzea bizitzeko eta lan egiteko espazio moduan.

− Landa eremuko biztanleen mugikortasun jasangarria bultzatzea, ondasun, zerbitzu eta jarduera ekonomikoetarako sarbidea erraztuz, etab.

− Landa eremuan etxebizitza eskuratzea errazteko eredu berritzaileak bultzatzea.

6. ESKARIAK ETA DOKUMENTAZIOA: PROIEKTUEN AURKEZPENA

LABEAN SARIAK lehiaketako edozein modalitatetan proiektuak aurkezteko irizpide hauek hartu beharko dira kontuan:

6.1. Aurkeztu beharreko dokumentazioa

Inskribatzeko online formularioa eta berariaz prestatutako proiektuaren aurkezpena.

6.2. Lekua

Eskabideak telematikoki aurkeztuko dira, inskribatzeko prestatutako formularioaren bitartez.

6.3. Epea

Proposamenak aurkezteko epea LABEAN SARIAK lehiaketaren deialdi honen oinarriak argitaratzearekin bat irekiko da, 2020ko uztailaren 15ean, eta urte horretako irailaren 18an amaituko da

7. LEHIAKETAREN DINAMIKA

7.1. Finalistak hautatzea:

Gehienez ere 15 proiektu hautatuko dira, jasotako hautagai guztien artetik. Urriaren 9an jakinaraziko zaie proiektuak aurkeztu dituzten pertsonei edo erakundeei lehiaketaren amaierako fasera pasatu diren. Amaierako fase hau urriaren 24ean izango da eta jardunaldia non izango den aldez aurretik komunikatuko da.

Lehen fase horretan hautatzeko irizpideak hauek dira:

-  Erantzuten duen erronken kopurua

- Proiektuaren izaera berritzailea eta originaltasuna

- Proiektuaren inpaktu soziala,  besteak beste, emakumeen eta gizonen aukera-berdintasunean duen eragina.

-  Ingurumen jasangarritasunari egindako ekarpena.

- Proiektuaren heldutasun maila.

- Proiektuaren izaera eragilera eskualdean

7.2. Amaierako fasea:

Lehiaketaren amaierako fasea urriaren 24an egingo da. Lehiaketaren amaierako fase horrek esan nahi du 15 proiektu finalistak dituzten pertsonek jardunaldi batean parte hartuko dutela, prestakuntza tailerretan parte hartuz, proiektu bakoitzaren kontzeptualizazioa eta azken aurkezpena lantzeko.  

Lehiaketaren amaierako jardunaldiaren programan hauek daude:

- Proiektuen hasierako aurkezpena

- Lantaldeen konfigurazioa

- Talde lana lan tailerretan.

- Proiektuen amaierako  aurkezpen publikoa epaimahaiaren aurrean.

Epaimahaiak saritutako proiektuak hautatzeko erabiliko dituen balorazio irizpideak ondoren azaltzen direnak izango dira:

- Proiektuak sortutako balio soziala, erantzun beharreko erronkak konpontzera bideratuta.

- Proiektua Euskadin eskalatzeko eta errepikatzeko ahalmena.

- Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea.

- Ingurumen jasangarritasunari egindako ekarpena

8. SARIAK

7 Sari hauek ezartzen dira:

6 proiektuen inkubazioa: kategoria bakoitzeko 1, hiru eskualdeetan (Enkarterri, Añana eta Arabako Mendialdea). Inkubazio prozesuak aholkularitza presentziala eta online izango du 3 hilabetez.

LABEAN saria: Ekintzailetza edo berrikuntza sozialeko proiekturik onena, eskualde hauetako landa eremuetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bereziki sustatzen duena.

9. SARIEN EPAIMAHAIA

Lehiaketa honetako epaimahaiari dagokionez, hau esan behar da:

− Epaimahai bakar bat eratuko da kategoria guztietarako

− Epaimahaiaren eskumenen artean dago proiektuak lehiaketara onartzea.

− Erabakia emandako botoen gehiengoarekin onartuko da, eta epaia apelaezina izango da.

− Epaimahaiak eskubidea erreserbatzen du saritutako modalitateetako edozein hutsik uzteko, erabakitzen bada ez direla gutxieneko kalitate eta bideragarritasun irizpideak betetzen.

− Parte hartzen duen ideia bakoitzak bere hautapenean saritutako modalitateetako batera aurkeztu ahal izango da, eta hurrengo baloratzen dena izango da hutsik geratu den modalitaterako sariduna.

− Epaimahaia erakunde hauetako ordezkariek osatuko dute:

  • HAZI Fundazioa
  • Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europako Politiketako Zuzendaritza
  • Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Arloa
  • Innobasque
  • Mendinet
  • El Hueco

Epaimahaiaren deliberazio-prozesuak irauten duen bitartean, antolatzaileek parte hartzeko gonbita egin ahal izango diete aholkuak emateko egokitzat jotzen dituzten adituei.

10. PARTE HARTZEA ETA OINARRIAK ONARTZEA

Lehiaketan parte hartzeak dakar dokumentu hau ezagutu, onartu eta ados dagoela, zeinaren interpretazioa batzorde teknikoari baitagokio, eta oinarriak osorik onartzen direla inplikatzen du.

Oinarri hauetan ezarritako epeak edo prozedurak ez betetzeak lehiaketan parte hartzetik kanporatzea eragingo du.

Lehiaketan parte hartzen duten hautagaiei dagokienez, horiei buruzko zabalkundea egin ahal izango da erakunde antolatzaile eta bultzatzaileen ohiko komunikazio kanal eta euskarrietan (webguneak, buletina, sare sozialak, liburuxkak, prentsako zabalkundea, etab.), eta haien izena, irudia eta hautagaien ezaugarri orokorren deskribapena erabili ahal izango dira, betiere LABEAN proiektuaren esparruan egiten bada. Halaber, parte hartzen duten pertsona eta erakunde guztiek onartzen dute lehiaketan hartutako argazkiak zabalkunderako erabiltzea.

Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, parte hartzen duten pertsonek eta erakundeek HAZIren aldeko berariazko baimena izenpetu beharko dute adierazitako erabileretarako.

Antolakuntzak eskubidea erreserbatzen du lehiaketa eten, aldatu edo bertan behera uzteko eskubidea eta oinarri hauek aldatzekoa edo eranskinak gehitzekoa bere mekanikari buruz, egokitzat edo komenigarritzat jotzen badu, lehiaketaren funtzionamendua zuzenagoa eta efizienteagoa izan dadin; egoera horretan, nahikoa izango da horren zabalkundea egitea, aldaketa gertatu bezain laster,  LABEAN webgunearen bitartez.

Oinarriak ez betetzeak lehiaketan parte hartzetik berehala kanporatzea eragingo du.

11. ZALANTZAK ETA KONTSULTAK

Dokumentu hau irakurri eta gero, zure proiektua aurkezteko eta lehiaketan parte hartzeko zalantzak badituzu, bidali guri mezu elektroniko bat helbide honetara: aigarzabal@hazi.eus.

12. KONFIDENTZIALTASUNA

LABEAN proiektuaren Datu Pertsonalen arloko informazio politika

Lehiaketan parte hartzeko aurkeztutako eskaeren edukiaren gaineko konfidentzialtasun osoa bermatzea da.

Ohorerako, norberaren eta familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidearen Babes Zibilari buruzko 1/1982 Lege Organikoarekin, maiatzaren 5ekoarekin, eta Datu Pertsonalak Babesteko Erregelamenduarekin bat etorriz, parte hartzaileek baimena ematen diote HAZIri bere irudia, izena eta abizenak edozein publizitate motatan erabiltzeko, LABEAN proiektuaren esparruan: landa ingurunean berrikuntza soziala sortuz, edozein bitarteko digital edo fisikoren bidez, Kontraprestaziorik jasotzeko eskubiderik gabe.

HAZIko LABEAN SARIAK datu pertsonalak babesteari buruz indarrean dagoen legeria betez garatuko dira, eta, bereziki, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirileko 2016/679 (EB) Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena.

Lehiakideek lehiaketa honetan parte hartzeko emandako datu pertsonalak egiazkoak eta zehatzak izan beharko dira.

13. JABETZA INTELEKTUALA

Parte hartzaileak euren proiektuei lotutako jabetza intelektual eta industrialeko eskubide guztien titular esklusiboak izango dira. Parte hartzaileek bermatu egiten dute aurkeztutako ekimenek ez dituztela urratzen hirugarrenen eskubideak, bereziki jabetza intelektual edo industrialarenak, ezta norberaren irudirako eskubideak edo indarrean dauden legeak ere, eta beren gain hartzen dute, halaber, betebehar hori ez betetzeak lehiaketaren antolakuntzari eta erakunde bultzatzaileei ekar diezaiekeen kalte eta galera oro.

14. XEDAPEN OROKORRAK 

Parte hartzaileen jokabidean irregulartasunak hautemanez gero, antolakuntzak eskubidea izango du lehiaketatik modu arrazoituan baztertzeko.

Antolakuntzak beretzat gordetzen du hautatu ez diren parte hartzeko eskaerei informaziorik ez emateko eskubidea.  Halaber, ez du bere gain hartuko atzerapenen edo hirugarrenei egotz dakiekeen beste edozein egoeraren erantzukizunik, baldin eta lehiaketaren parte hartzeari edo garapenari eragin badiezaioke. Ez du inolako erantzukizunik izango lehiaketan parte hartzeko aukera ematen duen sistemaren aldi baterako erabilgarritasunik edo jarraitutasunik ez izateagatik, ezta erregistroei, datu bidalketei eta abarri dagokienez postan edo telekomunikazio sareetan izandako atzerapenengatik ere.

Antolakuntzak beretzat gordetzen du parte hartzaileei kategoria aldatzeko eskubidea, hiru kategorietako batentzako parte hartzaile kopuru handiagoa edo txikiagoa hautatzekoa.

15. JURISDIKZIOA

Dokumentu hau Espainiako legediaren arabera arautzen da. Parte hartzen duten aldeek adosten dute harreman juridiko honetatik eratortzen den auzi, desadostasun, gai edo erreklamazio oro azken batean Bilboko Merkataritza, Industria eta Itsasketa Ganberako Arbitraje Gortearen aurrean ebatziko dela, horren esku uzten delarik arbitrajearen administrazioa eta arbitroaren izendapena, bere Erregelamendu eta Estatutuen arabera. Halaber, bi aldeek berariaz jasoarazten dute ematen den arbitraje laudoa betetzeko konpromisoa.

16. ERAKUNDE ANTOLATZAILEA

HAZI Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko Fundazio bat da, eta bere xede eta sorrerako helburua da bere jarduera eremuaren barruan lehiakortasuna, iraunkortasuna eta berrikuntza bultzatu, sustatu eta garatzea, eta jarduera eremu horren barruan sartzen dira lehen sektorea (nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta basozaintza), landa ingurunea, itsasertza eta elikagaien industria, eta, horrez gain, ondare naturala eta kultura balioesten eta iraunarazten lagunduz.