"Negoziatzea egokitzen zaigu funtsetatik zein zati dagokien gastuei Euskadin"

Argitalpen-data: 

Akordioaren ondoren, orain, jakin egin behar dugu Euskadin zenbat diru inbertituko den. María Ángeles Elorzak "erabat positiboa" ikusten du akordioa eta finkatu egiten ditu lortu beharreko helburuak.

María Ángeles Elorza

Zein da zure balorazioa Bruselan lortutako akordioari buruz?

–Balorazioa, ezin beste modu batean izan, erabat positiboa da. Lehenik, laguntza-pakete bat onetsi delako Europar Batasuna suspertzeko, eta izugarri handia da eta, izan ere, lehen inoiz ez da halakorik ezagutu. Aipatzekoa benetan. Dimentsio izugarri handia duen paketea baita aparteko arazo bati ere aurre egiteko. Aurrean dugun erronkaren mailako laguntza-pakete bat behar zen, COVID-19ren pandemiak Europan utziko digun krisi ekonomikoari edo ondorioei aurre egiteko. Eta uste dut, gainera, positiboki baloratzekoa dela erantzun bat dagoela Europaren aldetik. Batasuneko herrialde gehien-gehienak erasaten ari den krisi bati Europak emandako erantzun batez ari gara.

Espainiak 140.000 milioi euro jasoko ditu sei urtetan. Diru horren zati bat Gasteiztik gestionatu ahal izango da?

–Horixe da hemendik aurrera ikusi beharko duguna, susperraldirako laguntzen paketea onetsitakoan. Egia da banaketarako gako asko Estatu kide bakoitza hartuta egin direla, eta orain Espainiako Gobernuarekin negoziatzea egokituko zaigu, Espainiako Estatuari a priori egozten zaizkion funtsetatik zein izan daitezkeen Euskadin exekutatu beharreko proiektuei eta gastuei dagozkienak.

Hitz egiten eta negoziatzen hastea da orain kontua.

Zein laguntza-mota izango dira europar itun honetatik herritarrei eta euskal enpresei zuzenduak?

–Oraindik ezin dugu hitz egin egokitu ahal izango zaigun kopuruaz. Kalkuluen arabera, Espainiak 140.000 milioi euro jaso ditzake, eta horietatik erdia gutxi gorabehera subentzioak izango dira eta beste erdia, eskatuz gero, maileguak. Hortik zati bat Euskadira etorriko da, inolako zalantzarik gabe, baina ezin dugu kopururik eman. Logikoki, jasoko ditugun funtsek pandemiak utzi dizkigun ondorioei aurre egiteko balio beharko dute. Adibidez, Eusko Jaurlaritzaren azkeneko aurreikuspenen arabera, esan daiteke BGPren beherakada bat aurreikusten dugula Euskadin, hemendik urte bukaerara arte, %l 8,7koa, eta koronabirusaren krisiak enplegu ugariren galera ekar dezakeela berekin. Bruselatik lortu ahal izango ditugun funtsen bidez, ondorio horiek finantzatzeko, zehaztu ahal izango dugu zein neurri edo programa mota jarri behar dugun martxan egoerari buelta emateko: enplegua sortzeko, beren lanpostua galdu dutenei laguntzeko, edo aldi baterako galdu dutenei, baita gure enpresei laguntzeko ere, COVID-19ren ondorioei aurre egiteko ez ezik, oraindik gauzatzeko dauden bi transformaziori aurre egiteko ere: digitalizazioarena eta ingurumenarena.

Europar Batasuna hogeita hamar urtetarako zorpetu da. Horrek ekar dezake ahultasun-eszenario berri bat Batasunean?

–Ez. Eszenatoki berria da, hori bai. Duela aste batzuk pentsatzeak Europako Batzordea zorpetu zitekeela, 750.000 milioi euroko programa hau finantzatzeko zorra jaulki zezakeela, erabat ezinezkoa zirudien. Herrialde batzuentzat lerro gorri bat zen. Eta, hala ere, azkeneko orduetan puntu hori ez zen mahaian zegoena negoziazioetan frikzioa sorrarazten. Asumitu zen onetsi den programa hau Europaren zorraren jaulkipenarekin finantzatuko dela. Egia da gero aurreikusita daudela oso itzulketa-aldi luzeak, zor hori Europar Batasunaren aurrekontuarekin itzuli ahal izateko. Egia esan, ez dut uste europar proiektua ahulduko duenik eta nire ustez, ondo gestionatzen bada, kontrakoa gerta daiteke, hau da, sendotzea. Bide berri bat da, orain arte hartu ez zena, eta ondo gestionatuta, ondo funtzionatzen badu, erakuts dezake halako tresnak beste egoera batzuetan aplika daitezkeela behar izanez gero.

Zein izan behar du Europar Batasunean Euskadiren rolak ekonomia suspertzeko garai hauetan?

–Guri dagokigu, batetik, lan bat egitea Espainiako Gobernuarekiko, ikusteko nola parte hartzen dugun berreraikuntzako pakete honetan. Eta funtsetatik haratago, garrantzi handiko gaia, alegia, lanean jarraituko dugu gureak bezalako gobernuek, legegintzarako gaitasunarekin, Estaturik gabeko nazioak ordezkatzen ditugunok, eta hala ere eskumenak ditugunok, ahotsa izan dezagun. Gure ustez gaur egun Europar Batasuneko gobernantza politikoa hobetu egin beharra dago eta aldatu egin beharra dago. Egiteko dagoen zerbait da. Irailean konferentzia bat dago aurreikusita Europaren etorkizunari buruz eta aspaldi batez ari gara beste gobernu batzuekin lanean, hain zuzen ere, erreklamatzeko, Europaren etorkizunari buruz hitz egin eta eztabaidatzen denean, Europa horren gobernantzari buruz ere eztabaidatu behar dela.

"Laguntzak, digitalizazioaren eta ingurumenaren arloetako transformazioei aurre egiteko ere izango dira"

"Batasunaren zorpetzeak ez du ahulduko europar proiektua; aitzitik, indartu egin dezake"

"Erreklamatu egingo dugu, Europaren etorkizunari buruz eztabaidatzen denean, bere gobernantzari buruz ere eztabaidatzea"