Muskiz, hilda aurkitu dute atzo arratsaldean kostaldean desagertutako arrantzalea

2020.eko azaroak 23

Ertzaintzako bilaketa-operatiboko baliabideek Muskizen, Kobaron inguruan, itsasoan, aurkitu dute atzo desagertu zen arrantzalearen gorpua.

 Muskiz, 2020ko azaroaren 23

Aireko, itsasoko eta lurreko baliabideek gaur goizean ekin diote berriz atzo arratsaldean Muskizeko itsaslabar-inguruan desagertutzat eman zuten 72 urteko arrantzalea bilatzeko operatiboari. Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko baliabide batek gaur goizeko 09:51ean aurkitu du itsasoan, bilaketa-eremuaren barruan, desagertutako gizonaren gorpua. Bilaketa-lanei atzo arratsaldeko zazpiak aldera ekin zioten, desagertutako gizonaren familiak egindako alerta-deiaren ondoren. Dirudienez, gizona goizeko lehenengo orduan irten zen arrantzara.

Gorpua aurkitu dutenean, Ertzaintzaren Begi Ikuskapeneko agenteak eta segizio judiziala bertara hurbildu dira heriotzaren inguruabarrak argitzeko dagozkion ikerketa-eginbideak hasteko. Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzako teknikari batek koordinatu dituen bilaketa-lanetan Ertzaintzako aireko baliabideek –helikopteroek eta droneek–, itsasokoek eta lurrekoek parte hartu dute, bai eta Osakidetzako eta Gurutze Gorriko baliabideek ere.