Mugaz gaindiko langileen %70i gogor eragin dio mugaren itxierak

foto.jpg

2020.eko uztailak 24

  • Itxialdiaren bitartean muga zeharkatzeko baimena izan arren, mugaz gaindiko langileei  itxierak gogor eragin die Euroeskualdeak ekainean egindako txostenaren arabera

Frantziar eta espainiar estatuen arteko muga ekainaren 21ean ireki zen, pandemia geldiarazteko hiru
hilabeteko itxialdiaren ondoren. Aldi horretan, mugan kontrol zorrotzak ezarri ziren, mugaz gaindiko
langileek soilik igaro zitzaketenak. Hasiera batean ezinbesteko zerbitzuek baino ezin zuten muga
zeharkatu.

Hala ere, mugaz gaindiko langileen %67,5a oso kaltetuta edo zeharo kaltetuta azaldu da
mugaren itxierarengatik, Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak ekainean egindako
txostenaren arabera. Analisia online galdetegi baten bidez burutu da, hiru lurraldeetako mugaldeko
2.400 pertsonek inkesta hori bete dutelarik.

Inkesta egin dioten %31,5a mugaz gaindiko langilea da. Horietatik, %27,5ak merkataritza, ostalaritza
eta turismoari lotutako jardueretan lan egiten du, eta %14,6ak zerbitzu profesionaletan.

MUGAZ GAINDIKO HERRITARRAK

Euroeskualdearen txostenak mugaz gaindiko herritarren bizimoduarekiko eraginari buruzko datu
argigarri batzuk ezagutarazi ditu. Inkesta egin dioten hiru pertsonatik bi (%66,9) erabat edo oso
kaltetuta azaldu da mugaren itxiera dela eta. Hamar pertsonatik bederatzik jarduera
sozioekonomikoren bat egiteari utzi diote, mugaren itxieraren ondorioz.

Inkesta bete duten %56ak muga gutxienez astean behin zeharkatzen du, eta horietatik %15,8ak
asteko egun guztietan edo ia guztietan igarotzen du. Mugaz gaindiko lurraldeen arteko joan-etorrien
arrazoi nagusia sozioekonomikoa da (%68,4), besteak beste:
• Erosketak egiteko (%79,1),
• Arrazoi pertsonalak direla medio, bigarren etxebizitzara joateko edo lagun eta senideak
bisitatzeko (%59,7),
• Kirola eta aisialdi jarduerak egiteko (%49,9),
• Kultur-ekintzak burutzeko (%39,2).

Mugaz gaindiko lankidetza ezinbestekotzat edo oso garrantzitsutzat jo du inkesta egin dioten
%83,8ak. Horrez gain, lautik hiruk uste dute mugaz gaindiko jarduera ekonomikoa uztartzea
halabeharrezkoa dela, eta %47,9k kirol-, kultur- eta jarduera sozialak sustatu behar direla deritzo.

MUGAZ GAINDIKO LANGILEAK

Mugaz gaindiko langileak enplegatzen dituzten enpresen erdiak baino gehiagok ohiz kanpoko
neurriak hartu dituela aditzera eman du txostenak, denak ala denak COVID-19aren eraginari lotuak:
telelana, aldi baterako lan-erregulazioak, jardunaldi murrizketak, baita kaleratzeak ere.

Inkestaren bitartez, langile eta enpresek zailtasunak izan dituzte neurriok abian jartzeko, eta bereziki
hiru ezaugarriei dagokienez: aldi baterako lan-erregulazioen eskabideen trataeran, finantzaketen
lorpenean eta jardueraren berriz hastean.

Datu horien arabera, Euroeskualdeak hainbat akzio zein neurri proposatu ditu, mugaz gaindiko
lankidetzaren testuinguruan, mugaz gaindiko pertsonen bizimoduan mugaren itxierak izan duen
eragina murrizte aldera.

Azpimarratzekoa da inkesta erantzun duten langileen ia %60ak garrantzitsutzat jo duela
enpleguarekin zerikusia duten izapideekin kolektiboa laguntzea, eta %46,7ak beharrezkotzat jo du
mugaz gaindiko lana bultzatzeko egitasmoen sustapena. Azkenik, %91ak dio mugaz gaindiko
lankidetza behar-beharrezkoa edo oso garrantzitsua dela langileen egoera profesionala hobetzeko.

EUROESKUALDEKO PROIEKTUAK

Mugaren itxierak abian dituen proiektu ugariei eta bazkideen arteko harremanei zein neurritan eragin
dien ezagutzeko txostenari atal bat eskaini dio Euroeskualdeak. Aipagarria da azken bost urteetan,
Euroeskualdeak bere jardueren, proiektuen eta Akitania-Berria, Euskadi eta Nafarroa lurraldeen
arteko lankidetzaren emendatze nabarmen bat ezagutu duela arlo-sorta zeharo ezberdinetan:
formakuntza, enplegua, kultura, berrikuntza, ikerketa, mugikortasuna eta garraioa, kirola, laborantza,
etab.

Hiru lurraldeetan lan egiten duten partaide edota erakunde publiko zein pribatuen kopurua handituz
doa, eta euren arteko lankidetza etengabe emendatzen ari da.

Zentzu horretan, Euroeskualdeko proiektuetako bazkideek adierazi dute hiru proiektutik bat baino
gehiago (%37,8) kaltetua edo oso kaltetua izan dela COVID-19aren ondorioz. Era berean,
Euroeskualdeko proiektuen %91,9k mugaz gaindiko lankidetza ezinbestekotzat edo oso
garrantzitsutzat jo du, pandemiak euren proiektuengan izan duen eragina ahalbeste murrizte aldera.