Mondragon Unibertsitateko 2020-2021 ikasturteari hasiera eman dio Lehendakariak

2020.eko irailak 18

  • Aurten, Mondragon Unibertsitatearen ikasturtearen irekierarekin batera, HUHEZI - Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen eraikin berria inauguratu da
  • Iñigo Urkulluk Unibertsitatearen misioa garatzen jarraitzearen alde agertu da, pertsonen segurtasuna bermatzeko eta irakaskuntza-ikaskuntza proiektuaren kalitatea zaintzeko lehentasunarekin

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Hezkuntzako sailburu Jokin Bildarratz lagun zuela, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI-Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen eraikin berriaren inaugurazioan izan da eta, bertan, 2020-2021 ikasturteari hasiera eman dio. Joan den ikasturteko memoriaren irakurketarekin hasi da jarduna, eta ondoren Nagore Ipiña HUHEZIko Ikerketa eta Transferentziako zuzendariak lezio magistrala eman du, eta Vicente Atxa MUko errektoreak eta, azkenik, Iñigo Urkullu lehendakariak hitzaldiak eman dituzte.

Lehendakariak, bere hitzaldian, salbuespenezko egoera honetan unibertsitatearen misioa garatzen jarraitzearen alde agertu da, pertsonen segurtasuna eta irakaskuntza-ikaskuntza proiektuaren kalitatea bermatzea lehentasuna izanik. Kasu honetan, Mondragon Unibertsitatearen Mendeberri 2025 Planaren bidez. Plan horrek helburu hauek ditu: gaitasunak garatzera eta ikaskuntzaren emaitzetara bideratutako ikaskuntza; bizitzan zehar luzatzen den ikaskuntzara bideratutako unibertsitate-hezkuntza; eta Euskadiri, bere gizarteari, zerbitzua emateko bokazioa duen goi-mailako hezkuntza bat sortzea. "Gure hezkuntza-proiektua etengabe hobetzeko beharra adierazten duen ikuspegia", azpimarratu du Lehendakariak.

Lehendakariak unibertsitate honen lankidetza-eredua azpimarratu du; izan ere, eredu horrek, praktikan, gaitasun eta aukera hobeak eman nahi dizkie gazteei. Eta, halaber, ikastetxeetako eraldaketa- eta berrikuntza-prozesuen alde egin du.

Era berean, Lehendakariak aitortu nahi izan du Mondragon Unibertsitateak pandemia honetan zehar Euskal Unibertsitate Sistemaren lantaldearen esparruan egindako ahalegina, bai eta eragile, enpresa eta erakundeek, lankidetzan oinarrituz, hezkuntzaren garapeneren alde egindako lana.

Eskoriatzako Campusean egin da ekitaldia eta bertan izan dira Legebiltzarreko Presidente Bakartxo Tejeria, Gobernuko Ordezkari Denis Itxaso, Gipuzkoako Diputatu Nagusi, Markel Olano, MUko Presidente Mikel Alvarez, eta MUko Errektore Vicente Atxa.