Milioi bat euro 4.0 inguruneen eremuko teknologiak ezartzeko, Lanbide Heziketan (Gobernu Bilera 2020-1020)

2020.eko urriak 20

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 2020-2021 ikasturterako dirulaguntzak deitzen dituen Agindu bat, Lanbide Heziketan 4.0 inguruneen eremuko teknologiak ezartzeko makineria edota ekipamendu aurreratua erosteko edo errentan hartzeko. Milioi bat euroko zenbatekoa duen deialdi hau Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei zezendua da.

Diru-laguntzen deialdi hau ekimen berri bat da, Lanbide Heziketako V. Euskal Planean planteatutako eremu estrategikoekin bat datorrena, gizartearen kontzeptua neurri handi batean teknologian, konektibitatean eta digitalizazioan oinarritutako eredu baterantz eraldatzeak eskatzen dituen egungo beharrei erantzuteko.

Gaur egun, gero eta errealitate edo fenomeno ohikoagoak dira eguneroko jardunean adimen artifiziala, robotika, droneak, 3D inprimagailuak, errealitate birtuala edo sare digitalak. Horiek guztiak, heldu beharreko erronka dira enpresentzat nahiz ikasleen prestakuntzan, eta Euskadiko Lanbide Heziketa beharrezko eraldaketak egiten ari da 4.0 gizartearen benetako beharretara egokitutako prestakuntza bultzatzeko eta garatzeko.

Horrela, deialdi honi esker beste urrats bat egin ahal izango da berrikuntza teknologikoaren eta sistema adimendunen, biozientzien eta garapen jasangarriaren eremu estrategikoetan ezarritako helburuak lortzeko, eta Lanbide Heziketako ikastetxeak erakunde adimendun bihurtzeko, 4.0 inguruneei lotutako eremuetan.

Beraz, dirulaguntza hauen xedea da makina edota ekipamendu aurreratuen erosketa edo errentamendu-kuotak finantzatzea –bai eta horien instalazio-gastuak ere-, 4.0 inguruneekin lotutako teknologien erabilera erdi-mailako edo goi-mailako heziketa-zikloetan ezarri ahal izateko. Ziklo horiek honako lanbide-familia hauetakoak izan beharko dira: Elektrizitatea eta Elektronika; Elikagaien industriak; Fabrikazio mekanikoa; Garraioa eta Ibilgailuen mantentze lanak; Instalatze eta Mantentze lanak; Kimika; Energia eta ura; Informatika eta komunikazioak; Osasuna; Ostalaritza eta Turismoa; eta Merkataritza eta Marketina.

Dirulaguntza hauen banaketa eta zenbatekoa honako irizpide hauen arabera zehaztuko da, onartutako eskaeren artean: ikastetxeak 4.0 inguruneei lotuta eskaintzen dituen heziketa-zikloen kopurua (erdi-mailako edo goi-mailako zikloak); aipaturiko ikasketa horietan matrikulatutako ikasle kopurua; edo ziklo horiekin loturik daukan berrikuntza aplikatuko proiektuen kopurua.