Martxan dago BATen mugikorreko aplikazio berria

BAT.jpeg

2020.eko urtarrilak 29

  • BAT NFC gailu mugikorrentzako doako aplikazio ofizial bat da, Arabako Mugikortasun Agintaritzak sustatua, zeinetan parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak
  • Aukera ematen du kontsultak egiteko eta diru-zorroa eta aldi baterako tituluak birkargatzeko, geltoki batera joan behar izan gabe
  • BAT txartela erabiltzen duten zenbait pertsona anonimok hartu dute parte Euskotrenek eginiko proba pilotuan, eta ekarpenak egin dituzte aplikazioa eta bere funtzionamendua hobetzeko

Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren parte-hartzea duen Arabako Mugikortasun Agintaritzak (AMA) gaur goizean aurkeztu du gailu mugikorretarako BAT NFC aplikazio berria. Horren bidez, BAT txartelarekin lotutako kontsultak egin ahal izango dira, baita txartela birkargatu ere.

AMAko presidentea den Amaia Barredok egin du aplikazioaren jendaurreko aurkezpena, eta, bere hitzetan, “aurrerapen honekin, erantzuna ematen zaio erakundeok azken aldian ikusi dugun behar bati. Horri esker, Arabako herritarrek ere aukera izango dute erosketak eta birkargak telefono mugikorraren bidez egiteko; hala, teknologia berrien bidez, are erraztasun handiagoa eman nahi dugu garraio publikoa erabiltzeko”.

Euskotrenek koordinatuko du aplikazioaren erabilera, BAT txartela kudeatzen duen erakundea den heinean, eta Antonio Aiz, Euskotreneko presidenteak, 2019an aplikazioa martxan jartzeko egin diren lanak deskribatu ditu. Lan horien artean nabarmendu duenez, "Bat txartelaren zenbait erabiltzaile anonimoek proba pilotuan parte hartu dute, behar bezala funtzionatzeko eta hobetzeko ekarpenak eginez".

Aizen arabera, “edozeinek edozein gailu mugikorretatik kudeatu ahal izango du bere BAT txartela, modu seguru, intuitibo eta azkarrean; hala, saldoa behar denean birkargatu ahal izango da (urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan), eta mugimenduen historia ere ikusi ahal izango da norberaren profilean”.

Gasteizko autobus-geltokiaren sarreran egindako ekitaldi publikoan, AMA osatzen duten 3 erakundeak, Amaia Barredo Mugikortasuneko eta Espazio Publikoko zinegotziak, Javier Hurtado Bide Azpiegituretako eta Mugikortasuneko foru diputatuak eta Antonio Aiz Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeak BAT txartelaren garapenean emandako mugarri berri hau balioan ipini dute.

BAT NFC aplikazioaren ezaugarriak

BAT NFC doako aplikazio ofizial bat da, NFC gailu mugikorrentzat egina. Nahi adina erabil daiteke, eguneko edozein ordutan eta edozein lekutatik, sareko puntu fisiko batetik igaro gabe (kutxazain automatikoa, birkargatzeko makina, etab.).

Besteak beste, ekintza hauek egin daitezke BAT txartelean:

  • Diru-zorroa erostea eta birkargatzea, unean bertan.
  • Aldi baterako tituluak erostea eta birkargatzea, unean bertan.
  • Saldoa eta azken 15 mugimenduak kontsultatzea.
  • Mapak eta beste dokumentu interesgarri batzuk kontsultatzea.
  • Erosketa-faktura sinplifikatua sortzea.

Ordainketak merkataritza seguruaren sistemarekin babestuta daude, Kutxabank/Redsys plataforma erabiliz.

Aplikazioa erabat egokituta dago Android 4.0 sistema eragilea edo berriagoa duten NFC telefono mugikorretara, eta Bizkaiko Garraio Partzuergoak lagatako BARIK NFC aplikazioaren patentearen gainean egin da. Hala, ahalbidetzen da baliabide publikoak hobeto erabiltzea eta sistema komun bat sortzea Euskadiko lurraldeen arteko elkarreragingarritasunaren barruan.

AMAren ekimen honekin, hori osatzen duten erakunde publikoek beste aurrerapauso bat eman dute Arabako herritarren esku dauden garraio publikoko zerbitzuak hobetzeko. Hain zuzen, modernizatzeko eta egungo nahiz etorkizuneko lekualdaketa-beharretara egokitzeko prozesu batean murgilduta dago sektore hori, eta, horretarako, zenbait proiektu ditu martxan, hala nola abiadura handiko trena (Euskal Y-a), Gasteizko tranbia eta autobus elektrikoen zerbitzua handitzea eta zerbitzuak eta tarifak koordinatzeko politikak sakontzea.

BAT-NFC eskuragarri egongo da eta Googleren marketetik (Google Play) edo esteka honetan deskargatu ahal izango da:

https://play.google.com/store/apps/details?id=eus.ctb.batnfcapp