Lehendakariaren Urte Amaierako Mezua

2020.eko abenduak 30

Arratsalde on!

Urte amaierako une berezi honetan, gogoeta eta konpromisoa zuok guztion aurrean partekatu ahal izatea eskertzen dut. Hemen eta mundu osoan.

Nola asmatu, duela hamabi hilabete, honen moduko urtea bizi behar izango genuela?

Koronabirus-ak gure bizitza erabat aldatu eta baldintzatu du. Garaitezinak ginela uste genuen baina, ustekabean, gaitzak gogor jo gaitu.

Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran ere gogoan, gertatutakoa guztiz argitzeko prestutasun osoa dugularik, nire lehen hitzak, bihotzez, Covid-agatik hil diren 2.800 pertsona eta beraien senitartekoak oroitzeko dira…

Beti da mingarria maite dugun pertsona bat galtzea. Are larriagoa azken hitz, muxu edo besarkada bat eskaini ezin izan badiogu...

Oroitzapen hau Gasteizko Sempervirens Parkean adierazi nuen irailaren 21ean eta betirako gordeko dugu gure oroimenean.

 

Gaur, pandemian zehar ahalegin guztiak egin dituzten profesionalei, gure esker ona adierazten diet.

Oinarrizko zerbitzuetan lan egin dutenak ditut gogoan; bereziki osasun-zerbitzuetan eta zerbitzu soziosanitarioetan dihardutenak.

Aurten milioi eta zazpiehun mila test egin dituzte; hamabi mila pertsona artatu dituzte ospitaleetan, lehen arretan; ia hogei mila zaindu dituzte adinekoen egoitzetan.

Gure esker ona pertsona nagusiak beraien etxeetan zaindu dituzten profesionalei; hirugarren sektoreari eta boluntarioei, zaurgarrienak lagundu dituztelako.

Esker ona hezkuntza komunitate osoari, etxeetatik zein ikasgeletatik irakaskuntza bizirik mantentzeagatik.

Denak dena eman dute guztion osasuna eta ongizatea bermatzeko.

 

Era berean, elkartasuna adierazten diet sektore ekonomiko guztietan pandemiaren erasoa jasan duten profesionalei, autonomoei, langilei, negozioei eta enpresei.

Bizi ditugun zailtasunak gertu gertutik ezagutzen ditugu...

Premiarik gehien duten sektoreei laguntzen saiatzen ari gara.

Jakitun gara hartu dugun erabaki bakoitzak ondorioak izan dituela, gure harremanak baldintzatu dituela, eragina izan duela gure bizi moduan.

Uneoro jardun dugu pertsonen osasuna eta bizitza lehenesten eta bermatzen; ahalik eta hoberen uztartu ditugu jarduera ekonomikoa, enplegua, hezkuntza, gizarte edo kultur jarduna.

Ez da erraza izan; aitortzen dut.

Gogoan ditut hildako pertsonak, osasun-sistema asetzeko arriskua, oinarrizko zerbitzuetako langileek jasandako gabeziak, agerraldi eta kutsatze berrien aurrean izandako beldurrak...

Ondo ezagutu ditugu familiek jasan duten antsietatea, gure bizitzan eta gizarte-harremanetan gertatu diren aldaketak.

Egoeran honen aurrean, ezohiko erabakiak hartu behar izan ditugu...

Seguruenik ez dugu beti asmatu eta, huts egin dugunean, lehenbailehen zuzentzen saiatu gara.

Umiltasun osoz onartzen dugu birus ezezagun bati eta etengabeko ziurgabetasun-egoera bati aurre egin behar izan diegula.

Ez da ez erraza izan; eta ez da bukatu…

Birusak bizi bizi jarraitzen du, eta oso arriskutsua eta hilgarria da.

Datozen hilabeteetan neurriak hartzen eta betetzen jarraitu beharko dugu.

 

Erakundeok behar den guztia egingo dugu herri hau aurrera ateratzeko.

Euskadi martxan dago, egunean eguneko beharrei erantzuteko...

Lehentasunak argi ezarri ditugu: Osasun-sistema indartu, Hezkuntza bermatu, ekonomia suspertu, gehien kaltetutako pertsona eta sektoreei lagundu eta enplegua berreskuratu. Ezagutzen ditugu enplegu erregualazio espedienteen osteko arazoak, baita enpresei eta enpleguei jarraipena emateko arazoak ere. Ezagutzen ditugu lan prekarietatearen egoerak, gazteei bereziki eragiten dietenak.

Euskadi martxan dago, eguneroko arazoei aurre eginez eta etorkizunera begira, adi adi…

Euskadi Berpiztu behar dugu: lehiakortasuna irabazi, ekonomia eraldatu eta egokitu; industria adimendua, energia-iturri berriak eta ekonomia berdea bultzatu, osasun pertsonalizatuaren alde egin; erronka demografikoa gainditu... Helburu hauek Euskadi Next programaren ekimenetan jaso ditugu.

Badugu eredu bat eta gaur Nazio Batuen 2030 Agendarekin eta Garapen Jasangarriko 17 Helburuekin dugun konpromisoa berresten dut.

Aurreko krisialdiak gainditzeko ahalmena dugula erakutsi dugu. Krisi hau ere gaindituko dugu. Aurrera egingo dugu.

Hori lortzeko, konpromiso partekaturaen aldeko apustua mantendu behar dugu eta Erakundeen egonkortasuna lagungarria izango da.

Testuinguru honetan, bakarrik ibili nahi duena nekez iritsiko da urrutira.

Elkarrekin, auzolanean, egingo dugu aurrera.

Hemen, Eusko Jaurlaritza, Foru-aldundiak eta Eudel lankidetza eredua garatzen ari gara… Eredu hori eskaintzen diogu Estatuari ere. Era berean, bide hori eskaini diegu legebiltzar taldeei, Euskadiren garapenaren alde dugun jarrera hori Legebiltzarrean aurkeztutako lege-proiektu bakoitzean islatzen delarik.

 

Amaitzera noa.

Esperientzia ezezagun eta izugarri bat bizitzen ari gara planeta osoan eta aldi berean.

Urte berriari begira, txertoak lehioa zabaldu dio itxaropenari.

Egia da, baina zuhur eta tentuz jokatu behar dugu.

Neurriak betetzea da gaur txertorik eraginkorrena bizitza, daukagun ondasunik preziatuena, zaintzeko.

Euskadi martxan dago.
Zerbitzu publikoetan inbertituko dugu: Osasun-sistema publikoa indartuz eta ikasleen hezkuntzarako eskubidea bermatuz.
Ekonomia eta enplegua berreskuratzen lagunduko dugu, pandemiaren ondorio ekonomikoak gehien pairatzen dituzten sektoreak babestuz.

Apaltasunez jokatu behar dugu. Ez dago lasterbiderik, ez miraririk...

Zuhurtasunez... Hau ez da eztabaida antzuetan indarrak alperrik galtzeko unea.

Gertutasunez... Gehien behar duenari arreta eskaini eta laguntza emateko.

Bizi Berria eraiki behar dugu... Pentsa dezagun gure bizimodua aldatu egin behar dugula eta jar dezagun denok, eta gutariko bakoitzak, gure esku dagoena guztion onerako.

Apaltasunez, zuhurtasunez, gertutasunez ... lortuko dugu une honetan amesten duguna: 2021 urte berri ona izatea.

Eskerrik asko eta, inoiz baino gehiago, Urte berri on!