Lehendakariak Versia bisitatu du bere 30. urteurrenean

2020.eko otsailak 12

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia lagun zuela, Versia enpresa bisitatu du gaur bere 30. urteurrenean. Lehendakariak prest dagoela adierazi du eraldaketa teknologiko digitala bultzatzen jarraitzeko, “euskal gizarte osoan eragina duena eta lagungarri izango zaiona”.

Instalazioetatik ibili direnean enpresaren hainbat eremu bisitatu dituzte bertaratuek, besteren artean, Zibersegurtasuna, Versia Digitala Prozesu Operatiboak, Versia Negozio Digitala eta Versia Berrikuntza. Bisitaren aurretik bilera bat egin da agintarien eta Versia-ko zuzendaritza-taldearen artean.

Lehendakariak azpimarratu duenez, Versia adibide argi bat da, erakusten duena pertsonak direla edozein instituzioren edo enpresaren arrakastaren gakoa. “Zuen ibilbidearen oinarriak pertsonak, talde-lana eta lidergo teknologikoa dira ekonomia digitalean”, adierazi du.

Bestalde, balioan jarri du Versia Taldeak berrikuntzaren alde egindako apustu irmoa: “Gauzak beste modu batera begiratzeko gaitasun gisa definitzen duzue berrikuntza, aldatzeko, hobetzeko eta errealitate berrira egokitzeko. Zuen ereduaren funtsezko giltzarriak dira horiek, baita heldu diogun erronka teknologiko digitalaren giltzarriak ere”.

Versia Taldea

Versia eraldaketa digitaleko zerbitzuak eta soluzioak eskaintzen dituen enpresa bat da, bezeroei lehia areagotzen laguntzeko helburuz. Versia markaren pean diharduten enpresak 8 dira eta Euskadin dute egoitza, nahiz eta ordezkaritzak eta zerbitzu-zentroak dituzten banatuta Penintsula Iberiko osoan, Balearretan eta Kanarietan.