Lehendakariak pertsona bakoitzak auzolanean egindako ahalegina, konpromisoa eta ekarpena eskertu ditu: "pertsona eta familia bakoitzaren osasuna eta duintasuna bermatzeko"

2020.eko martxoak 19

  • Osasun sailburuak, beste behin ere, herritarren erantzukizuna eskatu du, ezarritako neurriak zorrotz betez eta prebentzio gomendioak jarraituz.

  • Eusko Jaurlaritzak iragarri du funts bat sortu eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako aurrekontu-lerroa handituko duela, zailtasun bereziak pairatzen ari diren persona eta familiei ematen zaien arreta indartzeko.

Iñigo Urkullu Lehendakaria bide digitaletik agertu da prentsaurrekoan, Nekane Murga Osasuneko sailburuarekin eta Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasun sailburuarekin batera.

Lehendakariak, bere hitzaldian, pertsona bakoitzak auzolanean egindako ahalegina, konpromisoa eta ekarpena eskertu ditu: "pertsona eta familia bakoitzaren osasuna eta duintasuna bermatzeko". Hala, euskal gizarteari zuzendutako lau mezu azpimarratu ditu.

- Lehen mezua: Erronka hau hasi besterik ez da egin.

Lehendakariak ziurtatu duenez, Eusko Jaurlaritza ahal den fronte guztietan ari da lanean: neurri sanitarioak, sozialak, ekonomikoak, fiskalak, antolakuntzakoak, komunikaziokoak, hornidurarekin lotutakoak … "Hasi besterik ez da egin eta borroka honen une erabakigarrian gaude. Norabide onean goaz; jarraitu egin behar dugu, eta ildo horretan sakondu. Atsedenik gabe eta erabakitasun osoz jarraituko dugu", adierazi du.

- Bigarren mezua: Norberaren konpromisoa eta inplikazioa ezinbestekoa da.

Lehendakariak azpimarratu du herritarren inplikazioa ezinbestekoa dela, ezinbestekoa dela arauak errespetatzea eta etxean egotea. Hala, prebentzio pertsonalerako eta isolamendurako neurriak hartzera deitu du. "Ezin dugu guardia jaitsi. Pultsua mantendu behar dugu. Denak norabide berean arraunean. Salbuespenik gabe ", azpimarratu du.

- Hirugarren mezua: Etxean egoteak zentzu bat dauka eta zentzu hori azpimarratu behar dugu.

Lehendakariak etxean egotearen garrantzia azpimarratu du, giza eta gizarte-balio handiko zentzua duen ahalegin pertsonala eta familiarra.

Era berean, Osasun Saileko eta Osakidetzako talde osoari esker ona adierazi dizkio, eta eurek emandako gomendioak betetzeko beharra nabarmendu du.

- Laugarren mezua: Laguntza gehiago behar dutenei laguntza gehiago eskaini behar diegu.

Lehendakariak iragarri du funts bat sortuko dela bazterkeria-egoeran dauden eta etxerik ez duten pertsonen arreta indartzeko, krisi honek bereziki kaltetuak izan baitira, eta, era berean, Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako aurrekontu-lerroa handituko dela. "Arreta berezia eskainiko diegu behar handiena duten familiei", gaineratu du.

Gainera, borondatezko eta interesik gabeko laguntza eskaini nahi duten guztiak animatu ditu Gurutze Gorriarekin elkarlanean abian jarritako "guztion artean" programan parte hartzera. "Talde-lana da hau; elkarrekin, pertsona bakoitzari, familia bakoitzari arreta emateko; osasuna eta gizarte-kohesioa bermatzeko, Euskadin ondasun komuna den aldetik", adierazi du.

Bestalde, Nekane Murga Osasun sailburuak Euskadiko koronabirusaren egoeraren datu eguneratuen berri eman du eta beste behin ere, herritarren erantzukizuna eskatu du, ezarritako neurriak zorrotz betez eta prebentzio gomendioak jarraituz.

Segurtasuneko sailburu Estefanía de Herediak agerian utzi du euskal herritar gehienen jokabide eredugarria. Kontrolak eraginkorrak izaten ari direla adierazi du, eta jarritako zigorrak "salbuespena" direla.